Europako Batzordeak Iurreko gainezkabidearen inguruan ekaitz-uren biltegi bat eraikitzeko duela hogei urte onartu zuen Kohesio Funtsaren dirulaguntza ezeztatzea erabaki du funtzionamenduan ez dagoelako. Horregatik, Gasteizko udalak 4,2 milioi euro itzuli beharko ditu. "Hala, udalak zor historikoa kitatuko du bere borondatez, balizko gainordainak ezartzea edo are Europako etorkizuneko deialdietan blokeak ezartzea ekiditeko",a zpimarratu zuten Gasteizko Udaletik.
Zehazki, jatorrizko proiektuak aipatutako biltegia, ponpatze-estazioa, loturak eta obra gehigarriak barne hartzen zituen, lurrazaleko drainatze-sistema optimizatzeko helburuarekin, uholdeak ekiditeko, euri-uren drainatze egokia bermatzeko, estolderiaren isurien ondorioz akuiferoa kutsatzea saihesteko eta saneamendu-sarearen funtzionamendua optimizatzeko. Europako Batzordearen ustez, dirulaguntza 2003an eman zen arren, bi hamarkadaren ostean, proiektua ez dago amaituta ezta martxan ere, eta, beraz, ez du bere helburua betetzen. Proiektuaren helburu fisikoa bete den arren, egiteke dauden hainbat jarduketa beharrezkoak dira martxan jartzeko. Horien artean daude Batan eta Zapardiel ibaien uholdeen aurkako defentsa-obrak –egiten ari dira–, biltegia kontrolatzeko eraikina lekualdatzea, legedi nazionala urratzen duelako –hitzarmena egina dago Espainiako Sare Elektrikoarekin horretarako, baina oraindik ez da egin– eta biltegi makinen egoeraren ebaluazioa egitea.
Batzordeak dio biltegia martxan jartzeko gehieneko epea 2009ko abenduaren 31 zela, duela ia hamalau urte. "Ondorioz, datozen egunetan esleitutako kopurua itzultzeko izapideekin hasi da udala, talde teknikoekin kontsultatu ostean", ondorioztatu zuten.