Arabako Foru Aldundiak entxufatzeko bost ibilgailu hibrido berri sartu ditu, "zero emisio" etiketa dutenak, aldundiko langileek erabil ditzaten beren lana egiteko orduan. Erakundearen flota elektrifikatuak orain hamasei ibilgailu hartzen ditu guztira: bi elektriko huts, hamabi elektriko hibrido entxufagarri eta bi hibrido arrunt.
Bost ibilgailu hibrido entxufagarri berriak urte hasieran erositako lau autoei gehituko zaizkie. Lur orotako bost dira, MITSUBISHI markako Eclipse Cross PHEV modeloko "zero isurketa" ingurumen bereizgarriarekin. Ibilgailu horiek 50 kilometro inguruko autonomia dute % 100 modu elektrikoan, eta errekuntza motorraren ezaugarri nagusia da kontsumo txikiak izatea.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismoaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak bost ibilgailu horien erosketa kokatzen du Foru Aldundiaren eraikinen eta flotaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko abian jarritako estrategian. "Foru Aldundiaren ibilgailuak energia efizientziako irizpideekin berritzen jarraituko dugu, ahal den neurrian eta betiere zerbitzuko beharrei erantzunez, ibilgailu elektrikoak eta hibridoak sartuz".
"2023. urte honetan milioi erdi euro baino gehiago erabiliko dugu ibilgailu parkea berritzeko; izan ere, batez beste oso zaharrak dira, eta nabarmen handituko dugu ibilgailu elektriko huts eta hibridoen flota", gaineratu du.
Horrela, joan den urtarrileko lau ibilgailuez eta bost SUV berrienez gain, foru erakundeak hemendik urte amaierarako bere ibilgailu parkean beste zortzi ibilgailu sartzea aurreikusi du, eta, beraz, ekitaldi honen amaieran 24 unitatek osatuko dute flota elektrifikatua.
Ibilgailu elektrikoen kopurua handitzearekin batera, kargagailuen sarea handitu da foru instalazioetan. Arabako Foru Aldundiak duela gutxi hemezortzi kargagailu berri jarri ditu, eta une honetan sarea 37 kargagunek osatzen dute, guztira.
Kargagailuek eta «zero isurketa» ingurumen etiketa duten ibilgailuek jaso dezakete dirulaguntza, EAEn EEEk kudeatzen duen Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan mugikortasun elektrikorako pizgarrien MOVES III Programaren esparruan.