Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak alerta horia aktibatu du gaurko iragarritako tenperatura altuak direla eta. Gasteizen 35 gradu artekoa izan daiteke tenperatura hori eta alerta 14:00etatik 20:00ak bitartekoa izango da.
Udalak muturreko bero-egoeretarako aurrez ikusitako protokoloa aktibatu du eta herritarren osasuna babesteko eta bero-kolpeak ekiditeko neurri batzuk gomendatu ditu, batez ere arrisku-taldeei zuzenduta: adingabeak, adinekoak, gaixo kronikoak eta patologia batzuk dituzten pertsonak.
Zenbait neurri hartzea gomendatzen du Udalak datozen egunetarako aurreikusten diren tenperatura altuen aurrean, osasunean eragin kaltegarriak izan baititzakete.
Hemen Udalaren gomendioak:
Likido gehiago edatea
- Edan ezazu ura egun osoan zehar, aldian behin, egarri izan arte itxaron gabe: izerdi bidez galdutako likidoa berreskuratzen laguntzen dizu.
- Ez ezazu kafeina, alkohola edo azukre gehiegi duten edaririk kontsumitu. Ez dute egarria asetzen, eta gorputzeko likido gehiago galarazten dute.
- Kontsultatu egiezu osasun-langileei edan dezakezun likido kantitatea mugatu egin al dizuten, edo diuretikoak hartzea agindu dizuten.
Elikadura
- Entsalada, barazki eta fruta gehiago jatea komeni da, izerdi bidez galdutako gatz mineralak berreskuratzeko.
- Janari koipetsuak eta oparoegiak baztertzea komeni da, horiek ez baitute berora egokitzen laguntzen.
Etxean
- Itxi itzazu leihoak, eta jaitsi eguzkiak zuzenean jotzen duen pertsianak.
- Aprobetxatu bero gutxieneko uneak etxea aireztatu eta freskatzeko.
- Bero handia baduzu, har ezazu dutxa edo bainua, edo freskatu aurpegia eta eskuak. Abaniko, haizagailu eta abar ere lagungarri dira beroari aurre egiteko.
- Erabili ezazu arropa zabala, arina, freskoa eta kolore argikoa.
Eguzkitik babestea
- Bero gehien egiten duen orduetan, saia zaitez ahalik eta gehien etxean geratzen.
- Atera behar baduzu, estali ezazu burua kapela edo txanoren batekin, erabili eguzkitako betaurrekoak, eta babestu azala faktore handiko eguzki-kremarekin. Eguzki-krema bi ordutik behin aplikatu behar da.
- Bila ezazu gerizpea ibilbide osoan.
- Jarduera fisiko bizia egin nahi baduzu, egizu egunaren lehen edo azken orduan.
- Erabili itzazu oinetako eroso, zabal eta freskoak. Kontuan izan beroak puztu egiten dituela oinak, eta, horrexegatik, urradurak eragin ditzakeela; arreta berezia egin behar diote horri diabetes Mellitusa, zirkulazio-gaixotasunen bat edo antzekorik duten pertsonek, zauri horiek denbora asko behar izaten baitute sendatzeko.
- Nahitaez eguzkipean lanean aritu behar baduzu, erabili ezazu kapela edo txanoa eta jantzi arropa arina. Edan ezazu ur asko, 2-4 baso ur fresko ordu bakoitzeko.
- INOIZ EZ da pertsona edo animaliarik geratu behar aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu baten barruan, ezta itzalpean badago ere.
Bero-kolpearen sintomak
- Sintoma orokorrak: buruko mina, goragalea, zorabioa, sukarra eta nekea.
- Kasu larriagoetan, konbultsioak, portaera-aldaketak, kontzientziaren alterazioa edo sinkopea ere gerta daitezke daitezke. Deitu ezazu 112ra, sintoma horiek larrialdia baitira.
Pertsona ahulenak zaintzea
Arreta berezia eskaini behar zaie haurrei eta adinekoei, bai eta beroaren zein deshidratazioaren ondorioz gaiztotu egin daitezkeen gaixotasunak dituzten pertsonei, adibidez, bihotzeko gaixotasunak dituztenei.
- Ez dira inoiz eguzkipean zuzenean jarri behar 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
- Saia zaitez bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak bisitatzen, egunean behin gutxienez, zailtasunak izan baititzakete babes-neurriak hartzerakoan zein aplikatzerakoan.
- Gorde botikak toki freskoan, beroak horien konposizioa eta ondorioak aldatu ditzake eta.
Tenperatura oso altuen arriskuak
Tenperatura altuak
Tenperatura altuak (tenperatura maximo altuak, ez ohiko moduan) arriskutsuak dira pertsonentzat, bereziki:
- 4 urtetik beherako umeentzat.
- Haurdun dauden emakumeentzat.
- Adinekoentzat.
- Gaixotasun kronikoak dituztenentzat.
- Lehenagatik gaixo daudenentzat.
- Botika jakin batzuk kontsumitzen dituztenentzat: diuretikoak, neuroleptikoak, antikolinergikoak, lasaigarriak...
- Alkohola edo beste substantzia batzuk kontsumitzen dituztenentzat.
- Mugikortasun urriko pertsonentzat.
- Kirolarientzat.
- Aire zabalean lan egiten duten edo esfortzu fisikoak egiten dituzten pertsonentzat.
Gainera, badira beste arrisku-faktore batzuk ere, hala nola ingurumenekoak, sozialak edo lanekoak, zeinek, tenperatura altuen menpe, pertsonen osasuna kaltetu baitezakete. Honako hauek dira:
- Isolamendu soziala eta etxegabetasuna.
- Klimatizaziorik gabeko eta/edo hozteko zailak diren etxebizitzak.
- Lan-arrazoiengatik beroaren menpe neurriz gain egon beharra.
- Intentsitate fisiko handiko kirol- edo aisialdi-jarduerak.
- Kutsadura atmosferikoa.
- Bero-uharteak (gune asfaltatu asko dituzten guneak, itzal eta landaretza gutxidunak, etab.).
- Hainbat egunez tenperatura altuen –baita gauez ere– eraginpean egon beharra.
Tenperatura altu iraunkorrak
Tenperatura altu iraunkorrek (eguneko tenperatura maximo eta minimo altuak, ezohiko moduan, zenbait egunez) eraikinak berotzea eragiten dute, eta horrek galarazi egiten du loa.
Gainera, adineko pertsonei, adin txikiko haurrei, eta gaixotasun kroniko jakin batzuk dituzten pertsonei desorekatu egin dakizkieke autoerregulazio-mekanismoak.