Euskal Autonomia Erkidegoko txikizkako merkataritza-sektoreak % 1,1 handitu ditu salmentak 2023ko bigarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, egutegi-eraginak atera ondoren eta prezio finkoetan, Eustaten datuen arabera. Salmenten urte arteko hazkuntza, gasolina-zerbitzuguneak kontuan izan gabe, % 2,3koa izan da.

Aurreko hiruhilekoaren aldean, urtaro-eragin egokiak kenduta, salmenten indizeak % 0,5 egin du gora 2023ko bigarren hiruhilekoan.

Elikagaietako salmentek, prezio finkoetan, % 1,7 egin dute gora, 2022ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta. Gainerako produktuen sektorean, salmenten urte arteko igoera % 2,8koa izan da. Automobilgintzarako erregaiaren sektorean, bestalde, salmentek % 11,1 egin dute behera, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean.

2023ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, urtaro-eraginik gabe eta prezio finkoetan, Elikagaien eta Gainerako produktuen salmentek % 0,9 eta % 0,5 egin dute gora, hurrenez hurren. Automobilgintzarako erregaiaren salmentek, berriz, % 3,9 egin dute behera, hiruhilekoen arteko datuen arabera.

Elikagaien sektoreko txikizkako merkataritzaren barruan, Elikagaietan, edarietan eta tabakoan espezializatutako merkataritzaren salmentek (besteak beste, fruta-dendak, harategiak, arrandegiak, eta abar) % 1,7 egin dute behera 2022ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta. Elikagaiak, edariak eta tabakoa nagusi diren txikizkako merkataritza ez-espezializatuan (batez ere, supermerkatuak eta hipermerkatuak), berriz, % 3,3 igo dira salmentak urte arteko terminoetan.

Gainerako produktuen sektoreko txikizkako merkataritzaren barruan, Beste kontsumo-ondasun batzuetan espezializatutako sektorearen salmentek (hartan sartzen dira, besteak beste, kirol-produktuak, jolasak eta jostailuak) % 4,1 egin dute gora, aurreko urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta. Gainerako produktuak nagusi diren txikizkako merkataritza ez-espezializatuko sektorean (korrespondentzia edo Internet) salmenten igoera % 3,7koa izan da. Azkenik, Pertsonen ekipamenduetan espezializatutako sektorean (arropa, oinetakoak, produktu kosmetikoak edo higienikoak) eta Etxeko ekipamenduaren sektorean (besteak beste, etxetresna elektrikoak, altzariak eta telekomunikazio-ekipoak) salmentek % 2,5 eta % 2,3 egin dute gora, hurrenez hurren, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean.

Lurralde historikoen arabera, 2023ko bigarren hiruhilekoko salmenta-indizeak urte arteko % 3,4ko igoera izan du Gipuzkoan eta % 0,8koa Bizkaian. Araban, berriz, % 2,7ko jaitsiera izan du.