Haurrek gehiegi edo gutxiegi lo egitea da oraindik guraso askoren kezka. Baina, zer lotura du haurraren denborak eta lo-kalitateak haurtzaroko garapen kognitiboarekin? East Angliako Unibertsitatearen (Erresuma Batua) ikerketa berri baten arabera, siesta asko egiten duten haurrek hiztegi murritzagoa eta gaitasun kognitibo txarragoak dituzte.

Horrela, ikerketak agerian uzten du haur batzuk eraginkorragoak direla lo egiten duten bitartean informazioa sendotzeko, eta, beraz, siesta gutxiago egiteak eragionkortasun horretan laguntzen duela dio ikerketak. Bitartean, beste batzuek, normalean hitz gutxien eta gaitasun kognitibo txarrenak dituztenek, siesta maizago egin behar izaten dute, ikerketa beraren arabera.

Ikertzaileek zortzi hilabete eta hiru urte arteko 463 haur aztertu zituzten 2020ko konfinamenduan, Covid-19aren pandemiak eraginda. Gurasoei galdetu zitzaien seme-alaben lo-ereduei buruz, zeregin batean kontzentratzeko gaitasunari buruz, memorian informazioa mantentzeko gaitasunari buruz eta ulertzen zuten eta esan zezaketen hitz kopuruari buruz.

Halaber, egoera sozioekonomikoaz (posta-kodea, diru-sarrerak eta ikasketak) eta seme-alabek pantaila baten aurrean igarotzen zuten denboraz eta aire zabalean egiten zituzten jarduerez galdetu zitzaien gurasoei.

"Gurasoen artean antsietate handia dago loaren inguruan", dio Teodora Gliga doktoreak, ikertzaile nagusiak.

Egilearen arabera, ikerketak erakusten du siesten maiztasunak haur bakoitzaren behar kognitiboak islatzen dituela. "Batzuk eraginkorragoak dira loaldian zehar informazioa sendotzeko orduan, eta, beraz, siesta gutxiagotan egiten dute", azaldu du, eta funtzio exekutiboaren neurri batean puntuazio baxuagoa duten txikiek siesta maizago egiten dutela gaineratu du.