Espazio Publikoaren zinegotzi eta alkateordeak, Beatriz Artolazabalek, baieztatu duenez, bere sailak eta Trafikoaren Sailak hurrengo asteotan aztertuko dituzte bidegorrietako bidegurutze zailak “puntu horiei ikusgarritasun handiagoa emateko eta denen (txirrindulariak, oinezkoak eta gidariak) segurtasuna hobetzeko”. Artolazabalek azaldu duenez, “biribilguneetan, autobusak, tranbiak edo autoak inguratzen diren tokietan daudelako arriskutsuagoak edo gatazkatsuagoak izan daitezkeen bidegurutze horiek asfaltoarekiko ezberdina den beste kolore batekin margotuko dituzte. Hala, ibilgailuak eta bizikletak gune horretan batera existitu eta kontu handiagoa izan behar dutela jabetuko dira”.

Espazio Publikoaren eta Trafikoaren sailetako teknikariak arduratuko dira bidegurutzeak aztertzeaz eta pintaketa ezberdina behar dutenak zein diren zehazteaz. Lan horiek hurrengo hilabeteotan egingo dituzte.

Zinegotziak, gainera, duela hainbat urtetik hiriko bidegorriak gorri izan beharrean beltzak (asfaltoaren kolore naturala) zergatik diren azaldu nahi izan du. Erabaki hori Gasteizentzat mugikortasun jasangarriaren arloan erreferente diren hainbat hiritan aspalditik aplikatzen dute (Kopenhagen, adibidez), baina baita gure inguruan dauden beste hiri batzuetan ere: Donostian eta Iruñean, adibidez.

Horretarako arrazoiak ugariak dira: saileko arduradunak azaldu duenez, lehen arrazoia funtzionalitatearekin lotuta dago. Izan ere, “asfalto gorriak okerrago funtzionatzen du; sakabanatu egiten da eta beltzak baino askoz ere errazago askatzen ditu harritxoak. Hori dela eta, arriskutsuagoak dira eta erabiltzaileentzat ez dira horren seguruak. Gainera, okerrago zahartzen da eta mantentzeak are handiagoa izan behar du”, gehitu du.