FesTVaLen (Gasteizko Telebista Jaialdia) XV. edizioak irailaren 4tik 9ra bitarte jasoko ditu udazkeneko-neguko denboraldirako telebista-kate eta -plataformetako estreinaldi absolutu nagusiak eta bertan bilduko dira artista eta aurpegi ezagunenak.
Maider Etxebarria alkateak Europa Biltzar Jauregian egin den aurkezpen-ekitaldian hartu du parte Arabako ahaldun nagusiarekin, Ramiro Gonzálezekin, eta Jaialdiko zuzendariarekin, Joseba Fiestrasekin, batera.
Ohikoa den moduan, Principal Antzokian egingo dira FesTValen ekitaldi nagusiak eta bertan estreinatuko dituzte ekimenean parte hartuko duten kate eta plataformek haien programazio-parrilan irailetik aurrera ikusgai jarriko dituzten saio eta telesailak. Hala, gaur iragarri dutenez, FesTVaLek Bosé Renacido, Entre tierras, En busca del Nirvana, Masterchef Celebrity, La Caza eta Conquistadores estreinatuko ditu lehen aldiz.
Etxebarriak adierazi duenez, FesTVali esker, Gasteiz “duela 15 urtetik erreferentzia da ikus-entzunezko kate eta plataforma nagusietarako eta urtez urte hemen aurkezten dituzten berritasunen eta estreinaldien zain egoten diren milioika pertsonentzat. Horrek guztiak tokiko ekonomiarako eragina du eta horren inguruko balorazio positiboa egiten dugu: hiriaren sustapena, bisitan datozen pertsonen gorakada eta merkataritzako eta hotel arloko jarduera handiagoa”.
Iazko urteko Gasteizko Telebista Jaialdiak 10 milioi euro baino gehiagoko inpaktu mediatikoa izan zuen.
Hurrengo asteotan emango dute FesTVali buruzko xehetasun gehiago. Orduan jakinaraziko dute jaialdiak hamabosgarren edizio honetan Arabako hiriburura zer ekarriko duen. Aurtengo edizioak, gainera, egun bat gehiago izango du eta Mediaset España itzuliko da.