Aste honetan aurkeztu da Arabako Arte Eszenikoen Tailerraren 2023/2024 ikasturterako matrikulazio kanpaina.

Urtero bezala, TAEk askotariko ikastaroak eskaintzen ditu, adin eta maila guztietara egokitzen direnak. Nabarmendu behar da aurten Antzerki prestakuntza ikastaroko beste promozio bat inauguratuko dela: bi urteko ikastaro espezializatua, antzezleak trebatzeko dena. Hori da eskolako ikastarorik osoena, eta irakasgai gehien eskaintzen dituena: ahotsa, kantua, gorputz adierazpena, interpretazioa, jolas dramatikoa, teknika eszenikoa, antzerkiaren historia...

Prestakuntza proposamen horrekin batera, beste ikastaro ugari ere badaude: helduen kasuan, antzeztokiaren mundura beste hurbilketa bat dago, "Antzerkiaren hastapenak" ikastaroak eskaintzen duena. Han, eszenaren sentsazioak probatu nahi dituzten ikasle taldeak oholtzara eta antzezpenaren gakoetara hurbiltzen dira.

Helduak ere, ikasle gazteagoekin batera –16 urtetik gorakoak–, Musika Antzerkia ikastaroan elkarrekin aritzen dira, eta zenbait gazte taldek, berriz, 15 eta 18 urte bitarteko ikasleak biltzen dituztenak, haiei bereziki zuzenduta dagoen eskaintza daukate, "Gazteentzako antzerkia" izeneko atala, hain zuzen. Bertan, neska eta mutil taldeek batera lan egiten dute, interpretazioaren aukerak eta magia aurkitzen dituzte eta adiskidetasun sortzailea lantzen dute.

Txikienen kasuan, prestakuntza hiru adin tartetan banatzen da –3 eta 5, 6 eta 10, eta 11 eta 14 urte bitarteko taldeak–, eta hizkuntza eskaintza zabala da: gaztelania, euskara eta ingelesa.

Gainera, Arte Eszenikoen Tailerrak bigarren urtez jarraian Agurainera zabaldu du bere prestakuntza eskaintza. Iaz bezala, 6-10 eta 11-14 urte bitarteko haurrentzako antzerki eskolak eta “Antzerkiaren hastapenak” ikastaroa eskainiko dira Arabako herri horretako Harresi aretoan.

Ikastaro horietan guztietan matrikula egiteko epea asteartean irekiko da, ekainaren 20an, antzeztoki batera igotzeko gogoa duen edonorentzat, eta irailaren 21ean amaituko da. Urteko ikastaroek prezio publikoak dituzte, eta denetarako, eta osorik edo hiru kuotatan ordain daitezke. Ohiko hobarien artean (% 20tik % 50era bitartean), genero indarkeriaren biktimentzako beste bat sartu da.

Gaur egun, Arabako Arte Eszenikoen Tailerra errendimendu betean dago, ikasturte amaierako erakustaldien prestalanetan eta antzezpenetan sartuta. 40 urte baino gehiago daramatza aktoreak prestatzen eta antzerki praktikaz gozarazten, eta ikasturte hau 300 ikasle baino gehiagorekin itxiko du.

Matrikulazioa izapidetzeko edo zalantzak argitzeko, tae.araba.eus webgunera jo daiteke, edo 945 28 45 42 telefono zenbakira deitu, edo helbide elektroniko honetara idatzi: tae@araba.eus.

Matrikulazioa - tae - web.araba.eus

Egunak:

Hauexek dira egun garrantzitsuenak: 

  • Matrikulazioa eskatzeko epea: 2023/06/20 - 2023/09/21
  • Onartutakoen zerrenda argitaratzea: 2023/09/22
  • Plazak formalizatzea: 2023/09/23tik 2023/09/30era
  • Ikasturte hasiera: 2023/10/03

Ikastaro monografikoak:

Bestalde, urtean zehar bi motatako ikastaro monografikoak eskaintzen dira. 

  • Haur eta gazteentzako monografikoak. Izaera ludikoa dute, eta normalean oporraldietan programatzen dira.
  • Helduentzako monografikoak, gaian adituak diren gonbidatuek emanak. Oso ikastaro trinkoak eta espezializatuak dira, bi ikuspegi desberdinetara bideratuak. Alde batetik, hainbat arlotan sakontzera (ahotsa, kabareta, suzukia, viewpoints delakoa …); eta, bestetik, profesional ezagunen lan egiteko modu espezifikoak aurkitzera ("Kualitatea", Andrés Limarena; "Albo-estrategiak", Juan Ayalarena; "Eszena eta feminismoak", Blanca Ortigarena, Esther Ferrerena…).