Euskal Herriko Unibertsitateko Doktorego Eskolak 66 doktorego programa ditu, jakintza adar guztiak bilduta, eta aspalditik 4.000 doktoregai inguru matrikulatzen dira urtero horietan. Ikasle gehien biltzen dituen jakintza adarra Gizarte eta Lege Zientziak dira, eta atzetik doaz Zientziak, Osasun Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura eta Artea eta Giza Zientziak. Azken urteetan, nahiko uniforme ari da mantentzen banaketa hori.

Sexuaren araberako banaketari dagokionez, matrikulatutako emakumeen kopurua gizonena baino zertxobait handiagoa da. Banaketa orekatu hori ematen da Zientzietan, Gizarte eta Lege Zientzietan eta Arte eta Giza Zientzietan. Hala ere, gizonak dira nagusi Ingeniaritzan eta Arkitekturan, alde handiarekin gainera, eta aldiz emakumeak Osasun Zientzietan.

2018az geroztik, goranzko joera izan du urtero defendatutako doktorego tesien kopuruak, 2020tik 400 baino gehiago izan direlarik. Zehazki, 2022an 462 doktorego tesi defendatu ziren, UPV/EHU seigarren postuan jarriz Espainiako unibertsitateen artean. Ikasle kopurua 4.000 ingurukoa dela kontuan hartuta, ondoriozta daiteke urtean matrikula bakoitzeko 0,12 tesi defendatzen direla, hau da, Espainiako unibertsitate guztien ratio bera. Etorkizunean ratio hori nabarmen hobetuko dela uste dugu”, dio Gotzone Barandika Argoitiak, Euskal Herriko Unibertsitateko Doktorego Eskolako zuzendariak.

Jakintza adarrei erreparatuz gero, Zientzietan defendatzen dira tesi gehien, eta ondoren Gizarte eta Lege Zientzietan. Ingeniaritza eta Arkitekturan eta Osasun Zientzietan doktorego tesien antzeko kopurua defendatzen ari da azken urteetan (% 15-20), eta Arte eta Giza Zientzietan % 20ra hurbildu da zifra hori, 2022an lehen aldiz. Nabarmentzekoa da ere nazioarteko aipamena lortzen duten doktorego tesien kopurua; izan ere, 2019az geroztik 180 tesik baino gehiagok lortzen dute hori urtero, hau da, tesien % 40k edo gehiagok.

2010ean hasi ziren doktorego-tesiak tutorekidetzan egiten, eta harrezkero, handituz joan da kopurua. Hala, 2019az geroztik, 20tik gora tesi egiten dira era horretan urtero. Bestalde, 2020an 70 doktorego tesi baino gehiago egin ziren euskaraz. 2022an, gainera, euskaraz egindako 32 tesietatik 30 nazioartekoak izan dira. Horrez gain, gero eta gehiago dira industriako aipamena jasotzen duten tesiak, eta 2020an 27ra iritsi zen kopurua. Kanpoko erakundeekin lankidetzan egindako tesien kopuruak ere gailurra jo zuen urte berean (UPV/EHUren berezko ezaugarria da tesi mota hori).