Gasteizko udalerriko Bioaniztasuna Kontserbatzeko Estrategiak, gaur egun indarrean jarraitzen duenak, beste hainbat neurriren artean udalerrian desagertzeko mehatxupean dauden fauna-espezieak kontserbatzeko egoera hobetzea biltzen du. Lurraldearen eta Klimaren Aldeko Ekintzaren Saileko Eraztun Berdeko Unitateak azken urtean egin duen jarraipenaren arabera, datuek emaitza itxaropentsuak eman dituzte oro har honako hauen populazioaren zaintzari dagokionez: bisoi europarra, gailurretako uhandrea, baso-igel jauzkaria, apoarmatu korrontezalea eta okil ertaina.
"Bisoi europarra da mundu osoko haragijale txiki mehatxatuena eta, horregatik, desagertzeko arrisku larrian dagoela esan ohi da. Hori dela eta, gure inguruan bizi diren espezie guztien artean, desagertzeko arrisku handiena duena da", azpimarratu du Gasteizko Udalak.
Mehatxu nagusietako bat da bisoi amerikarrarena; izan ere, larru-industriako ustiategiek askatu ostean, basati bihurtu da eta espezie autoktonoarekin lehian dago, azken hori ordezkatuz. 2016an, espezie amerikarra desagerraraztea lortu zuten Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak, Europako LIFE Lutreola Spain proiektuaren baitan urte batzuez egindako lan handiaren ostean. Une horretatik aurrera, Salburuan eta Zadorra ibaian garai batean ugaria zen bisoi europarraren populazioa berreskuratzen saiatzeko baldintza egokiak lortu ziren. Baina ordura arte bizirik irautea lortu zuten aleak oso urriak ziren eta, horrenbestez, beharrezkoa zen populazio-indartzeak egitea haien kopurua eta aniztasun genetikoa handitzeko.