Síguenos en redes sociales:

Estanko bati 7.500 euroko iruzurra egiten saiatu dira

Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu Getxoko estanko bati iruzur egiten saiatzeagatik

Estanko bati 7.500 euroko iruzurra egiten saiatu diraOskar Gonzalez

Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu Getxoko estanko bati iruzur egiten saiatzeagatik. Partikular batek, beste pertsona baten nortasuna usurpatuz, 7.500 euro inguruko tabakoa enkargatu zuen establezimendu horretan, eta salgaiaren fikziozko ordainketa bat egin zuen.

Joan den ostegunean, hilak 11, Getxoko ertzain-etxeak jakin zuen herri horretako estanko bati iruzur egiten saiatu zitezkeela. Antza denez, partikular bat establezimendu horrekin harremanetan jarri zen 7.500 euro inguruko tabako-eskaera egiteko, ustez festa pribatu baterako, eta garraiolari bat salgaia biltzeaz arduratuko zela adierazi zion. Informazio horren aurrean, Ertzaintzak jarraipena eta zaintza egiteko dispositibo bat ezarri zuen.

Enkarguaren egileak, ostiralean, tabakoagatik adostutako zenbatekoaren transferentziaren bankuko frogagiriaren argazki bat bidali zion estankoaren jabeari, telefono mugikorrera. Ondoren, egun horretako arratsaldeko ordu bata aldera, ustezko garraiolari bat agertu zen establezimenduan, aurpegia maskara batekin estalita, eskaera jasotzeko. Une horretan, zaintza-operatiboko agenteek esku hartu zuten, eta susmagarria atxilotu zuten. Era berean, beste gizon bat ere atxilotu zuten, furgoneta batean bere zain zegoelako handik gertu. Aldez aurretik, egiaztatu zen ez zela inolako diru-sarrerarik egin tabako-saltzailearen banku-kontuan, eta, beraz, ustez egindako transferentzia faltsua zela.

Gainera, enkargua egin zuenak beste pertsona baten nortasuna usurpatu zuela egiaztatu ahal izan zen. Jakin ahal izan zenez, gizon horrek NANa galdu zuen 2019an, eta, ordutik, hainbat delitu-egitate egin dira bai Euskadin, bai Estatuko beste toki batzuetan, bere nortasuna usurpatuz. Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du, iruzurra egiteko nortasun hori ordezkatu zuen gizona identifikatu eta atxilotzeko.

31 eta 27 urteko atxilotuek aurrekari polizial ugari dituzte. Izan ere, gazteena hirugarren graduko espetxe-egoeran dago.