Gasteizek gehieneko puntuazioa lortu du Frantziako Tourraren ‘Ville à vélo’ aitortzan, lau bizikleta. “Borondatezko estrategiaren ondorioz eta bizikleten mugikortasunaren alde ezarrita ekintzei esker, Gasteizek 4 bizikleta lortu ditu Ville à Vélo aipamenean. Aitortza honek erakusten du hiriak lan proaktiboa egiten duela bizikleta ‘izateko eta bizitzeko modua’ izan dadin”, dio ebaluazio-txostenak. Aurkeztu diren 32 udalerrietatik hiruk soilik lortu dute nota hori; Euskadiko hiriburuak, Parisek eta Bordelek osatzen dute hirukoa.
Hirugarren edizioa du aipamenak, eta udalerriek egunerokoan bizikletak sustatzeko egindako ekimenak aitortzea eta saritzea da helburua.
Halaber, ‘Ville à Vélo’ aipamenak hau uste du: “Gasteiz mugikortasun jasangarriarekin konprometitutako lekua da, zalantzarik gabe. 2010etik, Bizikleten Mugikortasunerako Gida Plana ezartzearen bitartez, hiriak kuantitatibo eta kualitatiboki garatu du hiriko mugikortasun-aukera hori herritarrentzat”.
“Bizikleta garraiobide gisa garatzeko (adin desberdinetako publikoarentzat) egindako ohiko inbertsioen bitartez, merkantzien logistikaren bitartez, eta are kohesio sozialerako programen bitartez (Bizikletarentzat adinik ez), agerian geratu da hiriak bizikletaren eguneroko erabileraren onurak ulertzen dituela eta horiek aprobetxatzen jarraitzeko jarduten duela”, baloratu du.
Era berean, nabarmendu du Gasteizek bidegorri-sare handia duela “herritarrak segurtasun handiarekin mugitu ahal izateko”.
Amaitzeko, nabarmendu du “hiria konprometituta dagoela bizikleta kirolerako tresna gisa garatzearekin. Hirian, askotariko kirol-diziplinak sustatzen dituzten talde eta elkarte ugari daude, eta udalak dirulaguntzak eskaintzen ditu eta esku-hartze aktiboa du hirian aldizka egiten diren kirol-jarduerak antolatzeko”.