Iñigo Urkulluk ekintzaileen ahalegina aitortu eta euskal ekonomiaren martxa ona azpimarratu zuen atzo.

Lehendakariak amaiera eman zion atzo eguerdian CEBEKen Batzar Nagusiari. Bertan, ekintzaileen “ausardia” aitortu zuen beren proiektua aurrera ateratzeko, eta euskal ekonomiaren martxa ona azpimarratu zuen.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi zuenez, azken aurreikuspenen arabera, euskal ekonomia puntu eta erdi haziko da aurten, eta bi puntu baino gehiago datorren urtean. Gainera, bi urteetan, lanaldi osoko lanpostuak % 0,9 handituko dira, eta langabezia-tasa % 8ra jaistea espero da 2024an. "Horrek esan nahi du urtero 10.000 enplegu sortuko direla eta, lehen aldiz, milioi bat pertsonak kotizatu ahal izango dutela Gizarte Segurantzan", azpimarratu zuten Eusko Jaurlaritzatik.

Gauzak horrela, eta horren harira, Iñigo Urkulluk "azkar jarduteko prest" egon behar dugula nabarmendu zuen, aurkezten diren aukerak aprobetxatuz. Aukera horien adibide gisa BERPIZTU ekimena, Lehentasunezko Jarduera Eremuetako (ZAP) jarduerak, erakundeen arteko inbertsio-planak, euskal enpresen berrikuntzan edo nazioartekotzean laguntzeko programak edo Euskadi Next funtsak aipatu zituen.

Azkenik, “Hhri guztia lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da, eta zuek eragin zuzena izango duzue lorpen horietan”, esan zien Iñigo Urkullu Lehendakariak Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren Batzarrean parte hartu zuten pertsonei, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua bertan izan zela.