Goizaldeko hamabi eta erdiak baino lehentxeago, auto batek errepideko eskuineko petrila jo du, ikertzen ari diren arrazoiak tarteko, N-634 errepidean, Ermua parean eta Eibarrerako noranzkoan, zihoanean. Gidaria, 27 urteko gaztea, autoan harrapatuta geratu da, eta suhiltzaileen laguntza behar izan da erreskatatzeko. Zoritxarrez, gazteak oso zauri larriak zituen, eta," suspertzen saiatu badira ere, lekuan bertan hil da", azaldu dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik.
Bizkaiko Trafikoko Lurralde Unitatetik dagokion argiketa jarri dute abian zoritxarreko istripuaren arrazoiak argitzeko.
Bestalde, Ertzaintzak Urduñan ezarritako zaintza-dispositibo bereziari esker (Ochomayoko jaiak direla eta), lau gazte atxilotu dituzte, sexu-erasoa eta telefonoak lapurtzea egotzita.
Lehen atxiloketak atzo gauerdia baino lehentxeago izan ziren, Urduñako jai-esparruan gizonezko batzuek ukituak egin zizkietela salatu baitzuten gazte batzuek. Laudioko ertzain-etxeak herri horretako jaiak direla eta ezarritako zaintza-dispositibo berezi bateko kide ziren ertzainak berehala jarri dira harremanetan biktimekin, eta gertatutakoa baieztatu dute. Handik gutxira, bi ustezko egileak identifikatu ahal izan dituzte. Beharrezko egiaztapenak egin ondoren, biak atxilotu dituzte, sexu-erasoaren ustezko delitu bat egotzita.
Ondoren, goizaldean, prebentzio-dispositibo horretako kideek beste bi pertsona atzeman dituzte, txosnen inguruan telefono mugikorren bat lapurtzen harrapatu ondoren. Susmagarriak identifikatu dituzte, eta beharrezko egiaztapenak egin ondoren, atxilotu egin dituzte. Haietako baten esku urrezko kate bat aurkitu dute, Bilbon emakume bati indarkeriaz egindako lapurreta batean.
Lau atxilotuak ertzain-etxera eraman dituzte ondoren, beharrezko izapideak egiteko.