Datorren ekainaren 3an hasiko dira Barakaldoko Bilbao Exhibition Centeren Euskal Poliziako oinarrizko eskalako 212 agente-plazetako bat lortzeko hautaprobak. Zehazki, 127 plaza Eusko Jaurlaritzak deitu ditu Ertzaintzaren hogeita hamabigarren promozioko agenteentzat eta 85 Euskadiko 31 udaletako udaltzain-plazetarako dira.

Berrikuntza moduan, eta 40 urtean lehenengo aldiz, Ertzaintzak espezialitatea duten txanda libreko 100 plaza eskaintzen ditu trafiko-unitateetan eta ikerketa kriminaleko taldeetan sartzeko, eta izangai horiek, formakuntza-fasean, espezialitate bakoitzeko eginkizunak eta funtzioak betetzeko gaikuntza gehigarri espezifikoa egingo dute.

Kopurua handitu ahal izango da hautaketa-prozesuak irauten duen denboran, datozen hilabeteotan, plaza hutsak sortzen badira deialdia egin duen administrazio publikoetako batean.

Behin behineko datuen arabera, 3.985 pertsonak eman dute izena legealdi honetan egingo den hirugarren deialdi bateratuan. Datuen genero-ikuspegia kontuan hartuta, nabarmendu behar da hautaketa-prozesu honetan izena eman duten pertsonen % 36,2 (1.442) emakumeak direla, eta era horretara, beraz, zuzendu egiten da emakumeek erroldetan duten presentzia eskasa. Gainerako % 63,8 (2.543) gizonak dira.

Lurraldez lurralde, Euskadin bizi diren eta izena eman duten hautagai gehienak bizkaitarrak dira, % 61,6 (2.454), alegia; Gipuzkoakoak % 19,1 dira (762) eta, azkenik, Arabakoak % 12,7 (507). Gainerakoak, % 6,6 (262) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora bizi dira.

Izangai gehienak, % 63,9 18 urtetik 30 urtera bitartekoak dira, baina asko dira, % 33,9, alegia, 31 urtetik 38 urtera bitartekoak ere. Gainera, izena eman dutenen % 67k egiaztatu dute hizkuntza-eskakizunen bat, eta oraindik kopuru horiei batu behar zaizkie euskaraz egindako ikasketa ofizialak aitortzen dituzten ziurtagiriak (probak BECen egin ondoren jasoko dira). Hori guztia lagungarria izango da Euskal Poliziako kidegoen % 100 euskaldunak izateko helburua lortzeko bidean aurrera egiteko, euskara harremanetarako ohiko hizkuntza izan dadin bai barneko lanean bai herritarrei arreta ematean.