Vital Fundazioak kirol anitzeko udako campusa antolatu du aurten 9 eta 15 urte bitarteko haurrentzat, 300 plaza ditu, sei txandatan. Interesa dutenek daten arabera egin dezakete aukera, hau da, ekainaren 26tik 30era edo uztailaren 3tik 7ra. Campusa egingo den lekuaren arabera edo egin nahi den kirolaren arabera egin daiteke aukeraketa. "Kanpezun errugbia, karatea, atletismoa eta eskubaloia egin ahal izango dira; Agurainen futbola, herri kirolak, taekwondoa eta badmintona; eta Bastidan padela, boleibola, saskibaloia eta eskrima. Guztiak elebidunak izango dira", azaldu dute gaur Vital Fundazioatik.

 Hala, eta ildo horretatik jarraituz, aurkezpen ekitaldian azpimarratu dutenez, “Vital Fundazioan oinarrizko kirolaren aldeko apustua egiten dugu prestakuntza-jarduera den aldetik. Izan ere, kirol jakin bat modu ludikoan praktikatzen ikasteaz gain, haurrentzako gizarte-balioen transmisore ere bada, hala nola talde-lana, lankidetza, lidergoa edo gaitasunak gainditzeko grina”, nabarmendu dute Vital Fundaziotik.

 Izena emateak gaurtik aurrera egin daitezke www.fundacionvital.eus webgunean eta epea maiatzaren 28ra arte egongo da zabalik. 29an zozketa egingo da jasotako eskaera guztien artean, eta 31n zerrendak argitaratuko dira. Campus bakoitzaren prezioa 75 eurokoa da, joan-etorriko autobusa, jantokia, kirol-ekipamendua eta istripu-asegurua barne.

 Plaza baten esleipendunek aisialdiko eta praktiketako jarduera ugari izango dituzte, bost egunez, aukeratutako kirol-modalitateetan, hori guztia ingurune naturalean.