Ertzainek 18 urteko bi gazte atxilotu dituzte Amurrion auto batetik, besteak beste, dokumentazioa eta diru-kopuru esanguratsua zuen maletatxo bat lapurtzea leporatuta. Agenteek lapurtutako guztia berreskuratu ahal izan dute, Ertzaintzako Txakur Unitateko Izar izeneko artzain-txakur alemanak, diru-papera detektatzen espezializatuak, lokalizatu ondoren.
Atzo, asteazkena, goizeko lehenengo orduan, Ertzaintzak jakin zuen indarra erabiliz lapurreta egin zutela Amurrion aparkatuta zegoen auto batean. Auto barrutik dokumentazioa eta diru-kopuru esanguratsua, antza denez, negozio batean bildutako dirua, zuen maletatxo bat eta beste hainbat gauza lapurtu zituzten.
Laudioko Ertzain-etxeko agenteek berehala hasi zuten ikerketa, eta, horren ondorioz, delituan ustez inplikatuta zeuden bi gazte identifikatu zituzten. Susmagarriak herriko eraikin batean aurkitu eta identifikatu zituzten.
"Agenteek egindako ikerketaren arabera, bi gazteak ziren ustezko lapurrak, eta lapurtutako diru-kopuru txiki bat zeramaten eurekin. Laguntzeko prest ez zeudenez, Ertzaintzako Txakur Unitateko binomio bat, diru-papera lokalizatzen espezialista, agertzeko eskatu zuten".
Bilaketa-lanaren ondorioz, Izar txakurrak, ertzain gidari batekin etxeko gelak miatu ondoren, diru-zorroa aurkitu zuen bainugelako armairu batean ezkutatuta, eta bertan zegoen lapurtutako diru gehiena.
Lapurtutako gainerako gauzak bi pertsona horiek zeuden etxebizitzaren inguruan aurkitu zituzten. Horren aurrean, bi gazteak atxilotu eta polizia-egoitzara eraman zituzten beharrezko izapideak egitera. Gaur, osteguna, arrastatuak Amurrioko Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarriko dituzte.