Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin zuen atzo Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan. Bertan, jakitera eman zuen Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak ematen dituen dirulaguntzen araubidea arautzen duen lege-proiektua onartu zuela. Legegintzaldi honetarako aurreikusita zegoen lege-ekimena da eta onura publikoko edo gizarte-intereseko jarduerak lortzea du helburu. Bingen Zupiriak azaldu zuenez, orain, erregulazio berri honekin, esparru juridiko orokor bat proposatzen da, eta dirulaguntzak esleitzeko orduan irizpideak planteatzen dira, hala nola diruz lagundu beharreko proiektuan edo jardueran genero-ikuspegia txertatzea, edo pertsona edo erakunde eskatzaileak emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak edo jarduerak garatzen egindako ibilbidea baloratzea.
Eskola-garraioko zerbitzuaren kudeaketarekin lotutako epai bati dagokionez, bozeramaileak iragarri zuen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak errekurtsoa jartzea erabaki dutela EAEko Administrazioaren eta eskola-garraioko zerbitzua ematen duten enpresen arteko harremanak euskaraz ere egin behar izatea auzitan jartzen zuen epaiaren aurka. “Epai horrek ez zuen zalantzan jartzen autobus-gidarien, begiraleen eta ikasleen artean erabili beharreko hizkuntza-eredua. Kontratuan ezartzen zen Administrazioaren eta zerbitzu hori emango duten enpresen arteko harremanak euskaraz ere izan behar zuela”, adierazi zuen.
Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman zituen Gobernu Kontseiluak landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:
Gobernu Kontseiluak bileran erabaki zuen Segurtasun Sailak eta Futbol Profesionalaren Ligak (LaLiga) lankidetza-hitzarmena sinatzea Euskadiko futbol-estadioen barruan eta "inguruan tripulatu gabeko aireontziek asmo txarrez edo zuhurtziarik gabe hegan egitea eragozteko". Bozeramaileak adierazi zuenez, bai Eusko Jaurlaritza bai LaLiga ondo jabetuta daude drone horiek segurtasun publikoarentzat duten benetako arriskuaz, eta uste dute beharrezkoa dela horiek detektatu eta inhibitzeko sistemak hedatzea.
Halaber, Gobernu Kontseiluak Lanbidek 2,4 milioi eurotan mikroenpresei enplegua mantentzeko laguntza-programa handitzea erabaki du, jasotako eskaeren bolumen handiaren ondorioz. "Europako funtsei lotutako kopuru hori orain arte emandako 12,9 milioiei gehituko zaie, eta helburua du ekintzailetzari eta trantsizio ekologiko eta digitalerako inbertsioak egin dituzten enpresei laguntzea".