Eva Sáenz de Urturi idazle gasteiztarrak gaur arratsaldean inauguratuko du Gasteizko Udal Liburutegi Sareak antolatutako Liburu Egunak zikloaren programazioa. Idazleak bere azken eleberria, El ángel de la ciudad, 19:00etatik aurrera aurkeztuko du Europa Biltzar eta Erakusketa Jauregian. Bertan izango da Joseba Fiestras kazetaria ere.

Programa apirilaren 23an izango den Liburuaren Nazioarteko Egunaren baitan sustatu da eta entzute handiko idazleak protagonista izango dituen jardueren egitarau oparoa jasotzen du. Apirilaren 24a arte izango da idazleak gertu-gertutik ezagutzeko aukera. Bihar, apirilak 13, osteguna, Arabako hiriburuan izango da Luz Gabás idazlea, bere azken eleberria, Lejos de Luisiana, aurkezteko. Lan horrekin, 2022ko Planeta saria eskuratu du. Itziar Pérez Argomaniz kazetaria arduratuko da ekitaldia zuzentzeaz. Goiuri Jauregian, 19:00etan, egingo du aurkezpena. Bestalde, Katixa Agirrek idazlearen bizipenak, fobiak eta filiak partekatuko ditu Idazlea psikoanalizatzen. Dibaneko solasaldia izenburupean egingo duen elkarrizketan. Aitziber Pérez de Karkamo komunikatzailea ere bertan izango da. Hilaren 14an, ostiralean, izango da, Goiuri Jauregian, 19:00etan.

Liburu Egunak egitasmoak berritasun bat izango du aurten batez ere gazteei eta helduei zuzenduta. Hain zuzen ere, familia osoarentzako euskarazko ikuskizun bat eskainiko du Naita Produkzioak euskal konpainiak ‘Kontukontzertua’ izenburupean. Partaidetza sustatzen duen ikuskizun horrek abestiak eta istorioak nahasten ditu. Apirilaren 16an, igandean, izango da, Goiuri Jauregian, 18:30ean.