Foru erakundeak babestutako enklabe honetan hainbat eskumen eta eginkizun dituzten eta organo horren parte izango diren erakunde eta eragileen arteko koordinazio-mekanismoak indartu nahi ditu. Gobernantza-tresna horrek Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailarekin lankidetzan jardungo du Gaztelugatxeko Donieneko kudeaketan, aholkularitza-lanak eginez eta jarduketak proposatuz.
Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko gobernantzarako lankidetza-organo bat abian jartzea bultzatu du. Organo honen helburua oraintsu Monumentu Naturalaren kategoria jaso duen babestutako enklabe honetan hainbat eskumen eta eginkizun dituzten erakunde eta eragileen arteko beharrezko koordinazioa indartzea da. Administrazio eta erakunde hauek gobernantza-tresna horren parte izango dira eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Foru Sailarekin lankidetzan arituko dira Gaztelugatxeko Donieneko kudeaketan eragiten duten alderdi guztietan - ingurumena, turismoa, gizartea, kultura-.
Horrela, Foru Aldundiaren asmoa organo horretan Eusko Jaurlaritzak, Bermeoko eta Bakioko udalek eta kosten arloko eskumenak dituen Trantsizio Ekologikoko Ministerioak, Gaztelugatxeko Doniene Santutegiaren Elkarteak eta inguru horretan garapen turistikoaren esparruan lan egiten duten beste erakunde batzuk parte hartzea da, eta baita ingurumenaren ikerketan eta babesean adituak diren pertsonak ere. Foru Aldundiak organoa egituratzeko eman lehen urratsa herritarren iritzia jasotzeko kontsulta publikoko prozesu bat abiaraztea izan da; kontsulta hori bihar, apirilak 3, astelehena, hasiko da eta 15 egunez irekita egongo da. Proiektuarekiko interesa agertu duten pertsonen ekarpenak jaso ondoren, proiektua idazten hasiko dira. Idazketa hori amaitu ondoren proiektua jendaurrean jarriko da behin betiko onartu baino lehen.