Euskadiko funtzio anitzeko eta prestazio handiko lehen 3D bioinprimagailuak dagoeneko sortu ditu lehen botikak eta prototipo biologikoak. Euskal Herriko Unibertsitateko NanoBioCel ikertaldea eta Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa dira proiektu aitzindari horren buruak, zeinak Arabako Foru Aldundiaren laguntza baitu eta terapia pertsonalizatuak garatzea ahalbidetuko baitu, batez ere pediatriaren, zahartze osasungarriaren, eta medikuntza birsortzailearen eta ehunen ingeniaritzaren arloetan, industria farmazeutikoari eta osasun-sektoreari zerbitzua eman ahal izateko.

Gaur goizean, UPV/EHUko Arabako Campuseko Lascaray Ikerketa Zentroan dauden instalazioak bisitatu dituzte eta bioinprimagailua martxan ikusi dute Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak, Pilar García de Salazar Arabako ahaldun nagusiorde eta Ekonomiaren Garapen eta Lurralde Orekako foru-diputatuak, Manoli Igartua Arabako Campuseko errektoreordeak eta Agustín Sáenz Tecnialiako Estrategia, Merkatu eta Teknologiako zuzendariak, proiektuaren arduradun operatiboekin batera: Jose Luis Pedraz doktorea -Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Nanobiocel taldeko ikertzaile nagusia- eta Eider Larrarte doktorea -Tecnaliako Pharma Labseko zuzendaria-.

"Bioinprimagailuak aukera emango du organo eta ehunen zein forma farmazeutikoen egitura tridimentsionalak lortzeko, fabrikazio aditiboko teknologien bidez. Estrusiozko, tinta-zurrustazko eta termofusiozko inprimatze-buruei esker, bioinprimagailua gai da 3D egitura konplexuak, material biologikoen eta zelulen edozein konbinazio arbitrarioz osatuak, fabrikatzeko", esan eta gaineratu dute aurkezpenean: "Gainera, elektroirute- eta elektroidazte-teknikak erabiliz, ehunen birsorkuntzan eta biogailu sanitario aurreratuen fabrikazioan barneratu da bioinprimagailua. Aurten, era berean, teknologia mikrofluidikoetan oinarritutako osagai berriak eskuratuko dira, bioinprimagailua erronka biomediko berrietara zabaltzeko".