Cancer Cell aldizkarian argitaratu dutenez, Los Angeles Kaliforniako Unibertsitateko Jonsson Zentro Onkologiko Integraleko ikertzaileek zuzendutako ikerketa baten arabera, mutazio genetiko jakin bat duten pertsonen prozesu metaboliko batean jardutea lagungarria izan daiteke glioblastoma, garuneko minbizi oldarkorra, tratatzeko.

Txostenaren arabera, glioblastoma dutenen % 60k dute alterazio genetikoa. "Mutazioak aldaketak eragiten ditu lipidoak zelula minbizidunetan banatzeko moduan, eta horrek, aldi berean, desagertzeko arriskuan jartzen ditu".

"Paziente bakoitzaren tumoreak alterazio genetikoen konbinazio bakarra izan dezake. Tumore horiek guztiak desberdinak direnez, ulertu behar dugu zenbait aldaketa genetikok nola eragin diezaioketen tumore-metabolismoari, etorkizuneko tratamenduetarako dianak identifikatzeko", azaldu du David Nathansonek, ikerketaren egilekideak.

Zientzialariek uste dute minbizi-zelulen metabolismoa aldatzea (energia eta elikagaiak prozesatzeko modua, bizirik irauteko, hazteko eta zelula osasuntsuak inbaditzeko) tratamendu berri eta eraginkorren giltzarrietako bat izan daitekeela.

"Glioblastoma tratatzeko modu berriak garatzea nahitaezkoa da", dio Nathanson-ek, Jonsson Zentro Onkologikoko kidea ere badena.

Glioblastomak garuneko tumore hilgarriak dira, azkar hazten direnak, eta gaur egun tratamendu-aukera gutxi daude. Garuneko tumore hau diagnostikatu zaion pertsona baten batez besteko bizi-itxaropena 12-15 hilabete besterik ez da, eta glioblastoma diagnostikatu dioten pertsonen %5 baino ez dira bizi diagnostikatu eta bost urtera, txostenean ondorioztatzen denez.