Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak turismo enpresen ekintzailetza sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko 2024ko laguntzak onetsi ditu astearte honetan. Laguntzen zuzkidurak 2023ko deialdiko aurrekontu bera mantendu du, 1.285.000 euro, hain zuzen, eta turismo ekintzailetza eta lehiakortasuna indartzea eta bultzatzea da xedea.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, zehazkiago, Jaurlaritzaren arabera, laguntzen helburua da Euskadin tokiko garapena erraztuko duten turismo negozio berriak sortzen eta euskal turismo enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea, berrikuntza teknologikoa, turismo eskaintzaren hobekuntza eta optimizazioa edo turismo seguru, jasangarri, arduratsu eta irisgarrirantz egokitzea sustatuz.

Turismoaren arloan, negozio berriak

Horrela, turismoaren arloan negozio berriak sortzeko ekintzailetzarako zuzkidura 500.000 eurokoa da, eta turismo enpresen lehiakortasuna hobetzeko 785.000 euro erabiliko dira.

Programaren onuradunak turismoan diharduten enpresak dira, hala nola ostatu enpresak eta jatetxeak, bitartekaritzakoak, turismo garraiokoak, turismo aktibokoak, biltzar antolatzaile profesionalak, turismo gidariak eta autokarabanentzako harrera eremu berezien titularrak.

"Berritasun gisa, turismo enpresen lehiakortasuna hobetzearen arloan diruz lagundu ahal izango dira mugikortasun mugatua duten pertsonen irisgarritasuna errazteko eta oztopo arkitektonikoak kentzeko egiten diren zaharberritze lanak", ondorioztatu dute Eusko Jaurlaritzatik prentsa-ohar baten bitartez.