Bluesa oinarri hartuta gai asko jorratzen ditu StarBlues taldearen azken diskoak. Besteak beste, doluaz, pandemiaz, denboraz, errutinaz eta iruzurraz mintzatu dira Bizi berri baten gezurra diskoan. Jon Barreros (Ordizia Gipuzkoa, 1978), StarBlues taldeko gitarristak eta abeslariak nabarmendu du “kolore askotako” disko bat dela: “Rockabillya, blusa, blues geldoa, funkya… denetarik dago”. Taldeko kideen bizipenetan eta gogoetan oinarrituta dago, eta beste batzuetan baino arreta handiagoa jarri dute mezuan. 

Nola sentitzen zarete diskoa kaleratu ostean?

Izugarrizko gogobetetzea da. Maila txikian, baina ume bat izatea bezala da. Hilabete edo urte pila bateko lana gauzatzea estudioan izugarria da. Forma ematea, grabatzea, nahastea, masterizatzea eta maketatzea ikaragarrizko energia txutea da.

Nolakoa da lehenengo aldiz entzutea?

Estudioko prozesua oso polita da. Estudiora sartzen gara mobilean kalitate txarrean grabatu dugun ideia batekin. Soinu kalitate eta soinu teknikari on batekin estudioan sartzen garenean beste gauza bat da. Poliki-poliki eta instrumentuak gehitu ahala, emaitza ikusten goaz. Estudioan grabatzen ari garena patxadaz entzuten dugunean perspektiba aldatzen da eta ederra denez zalantzan jartzen dugu gu ote garen. Behin diskoa aterata beste mundu bat da, orduan, sinestezina dirudi.

Zer-nolako harrera izan du orain arte diskoak?

Hiru diskoek oso harrera ona izan dute. Lehenengoa taldearen aurkezpena izan zen, eta oso ongi funtzionatu zuenez, bigarrena erronka bat zen. Bigarren diskoa kaleratu eta hilabete batera itxialdia izan zenez, pena handiz, diskoa ez genuen behar bezala aurkeztu. Ostean, saiatu ginen arren, horrelako gauzak azkar iraungitzen direnez, zaila izan zen. Horregatik, hirugarren diskoarekin beldur hori genuen. Gizartea eta musika kontsumi-tzeko modua asko aldatu da. Halere, Ordizian, gure herrian, aurkeztu genuen, eta ale pila bat saldu genituen. Gaur egun ale fisikoak saltzea ikaragarria da. 

Disko batetik bestera produzitzeko presioa sentitzen duzue?

Gure kasuan ez. Nik uste edozein kolektibotan gertatzen den bezala ideia bat gauzatzean eta denbora pasatzen denean, ideia horrek dagoeneko ez daukala hasierako lotura hori gurekin. Orduan, uste dut horregatik senti-tzen dugula zerbait berria sortzeko presio pertsonala. Gizakiak gehienetan gauza berriak sortzen saiatzen gara freskotasuna mantentzeko. Bestela, betiko kantak jotzeaz nekatzen gara. Diskografiari dagokionez, ez dugu presiorik. Gaztelupeko Hotsak diskografiarekin egiten dugu lan, eta ez digute esan zenbat disko sortu behar ditugun. Diskoa dugunean deitzen diegu, eta listo. Gure erritmora goaz, eta ahal eta nahi dugunean sor-tzen dugu. 

Azkeneko diskoan indar gehiago jarri duzue mezuan; zergatik?

Uste dut adinarekin gu eta gure lehentasunak aldatzen joaten direla. Orain arte gehiago zentratu gara estiloan, eta dagoeneko oso barneratuta daukagu bluesa egiten dugula. Egia da urteekin ikusi dugula jendeari iristen zaiona letra dela, eta horregatik hasi gara gehiago zaintzen. Polita da zure bertso batek zeresana ematen duenean. Gainera, urteekin, gero eta pertsonalagoa da gure estiloa. Letra gehienak nik idazten ditut, eta oso pentsamendu eta bizipen pertsonaletatik idatzita daude. Oso narrasa izango litzateke ez kezkatzea nire pentsamendu intimoak adierazteko moduagatik edo hitzengatik.

Mezuaz aparte beste aldaketarik sumatu duzue?

Partaide aldaketak izan ditugunez horrek beti eragina dauka diskoaren emaitzan. 2020. urtetik hiru partaide aldaketa egon dira. 2022. urtean lan kontuengatik bateria jotzaileak taldea utzi behar izan zuen, eta Unai Lopetegi sartu zen. Pertsonak gara eta pentsa-tzeko eta jotzeko modu desberdinak ditugu. Unaik odol eta ideia berriak ekarri ditu, eta hori asko nabaritzen da diskoan. Bederatzi abesti dira, baina erritmo aldetik euren artean oso desberdinak dira arreta jarri duelako erritmoa zaintzen. Mikel Atxega, baxu jotzailea sartu zenean ere sumatu genuen bere energia berria; batez ere, azken diskoan.

Gure Karpan grabatu dute , oso gustura, gainera. Garbiñe Irizar

Zein da diskoan aipatzen duzuen bizi berria?

Lehenengo da abestia eta gero diskoaren izenburua. Abestia konposatzen hasi nintzenean asko hitz egiten zen etorkinen bizipenen inguruan; hala nola, pateretan iristen zirela eta itsasoan hiltzen ari zirela. Gaiak asko eragin zidanez, abesti bat egitea pentsatu nuen. Azkenean, euren lurraldetan hiltzen ari dira, eta ihes egiten dutenean bizi berri bat agintzen diete, baina seguraski ez da agindutako benetako bizitza eta ez daude ongi.

Eta diskoaren izena?

Hasieran ez genuen argi, baina erabaki genuen kantaren izen berbera erabiltzea bizi izan dugun pandemiarengatik. Esaten zuten bizi berri bat sortuko zela pandemiaren ostean, baina gizartea, politika, sare sozialetako desinformazioa… horrek guztiak jarrai-tzen du. Non dago pandemiaren osteko bizi berri hori?

Pandemiaren auziari heldu diozue ‘Zirkoa’ abestian. Zergatik esaten duzue zuen estilotik gehien urruntzen dena dela?

Bluesa egiten dugu, eta abesti honek ez dauka blues egiturarik. Egin ditugun diskoetatik rock klasikoa den kantu bakarra da. Oso pozik gaude. Pandemian sortu zen zirkuaz hitz egin dugu; denok ezagutzen dugun horretaz.

Zer dela eta erabaki duzue rockaren bidez zabaltzea mezua?

Ez dugu bilatu. Gitarrarekin konposatzen dudanean inprobisaziotik izaten da. Jotzen hasten naiz, eta poliki-poliki akordeak ateratzen dira, riff bat izan arte. Horri forma ematen hasten naiz, besteekin komentatzen dut eta zatiak gehitzen dizkiogu. Gutxi gorabehera azaltzen ari naiz, baina musikari profesional batek irakurtzen badu agian barre egiten du. Horren ostean, hitza doa. Horregatik, riff rockeroa lortu nuenean, pentsatu nuen pandemiak sortutako agresibitate eta haserrea adierazteko aukerarik onena zela.

Gure Zirkuaren karpan grabatu duzue; nolakoa da barrutik?

Zoragarri polita eta oso kuriosoa izan zen. Tolosako [Gipuzkoa] auzo batean entseatzen dugu, eta Gure Zirkuko karpa urte osoan hor dagoenez, pentsatu genuen polita izan zitekeela karpa erabiltzea. Iker Galartzari, arduradurari, deitu genion, eta baietza eman zigunean liluratuta geratu ginen. Oso gustura eta itzultzeko gogoekin. 

Beste gai asko ere jorratu dituzue; adibidez, amaren omenez idatzi duzu ‘Arima libre bat’. Sorkuntza prozesuak dolurako lagungarriak izan daitezke?

Uste dut sorkuntzan dagoen edozeinek esango lukeela baietz. Ama 2022. urtean hil zen, eta lehenago abesti batzuk nituen, baina oso gutxi ziren. Ama hil zenean sentimenduak kanalizatu behar nituen. Batzuek egiten dute korrika, beste batzuk mendira doaz edo jo eta ke kirola egiten dute. Kirola egitea gustuko dut, baina musika da nire bizi ardatza. Buru-belarri sartu nintzen, eta Arima libre bat kantuaz aparte, esanahi hori duten beste batzuk ere sortu nituen. Horregatik, esanen nuke sorkuntza prozesuek dolurako balio dutela edo balio beharko luketela.

Kanta bakoitzak istorio bat kontatzen du; kanten arteko loturarik dago?

Ez nuke esango disko kontzeptual bat denik, eta honetan behintzat, ez nuke nahi loturarik izaterik. Kolore askotako diskoa da. Disko kontzeptual bat egiteko hasieratik hori bilatzera joan behar zara. Egia da disko batzuek ipuin bat ematen dutela, baina gure kasuan ez. Abesti batzuek euren artean harremana dute, baina kasualitatea da. 

Zeintzuk?

Denboraren zama eta Errutinak irentsita. Lehenak kontatzen du preso gaudela eta denborak irensten gaituela. Bigarrenarena an-tzekoa da, baina errutinari lotuta; hau da, egunero gauza bera egiten dugula, ordu berean eta denbora azkar doala. Bi horien arteko lotura nahi gabe izan da.

2010. urtean taldea sortu zenutenean blusa euskaraz egiten zuten talde asko zeuden?

Oso musika zalea naiz, eta Jon Gurrutxagaren Arima Beltza taldea oso gustuko nuen. Nire garaian talde batzuk zeuden, baina bereziki rockeroak ziren eta blues ukituak zituzten. Egia esan, ez zegoen eskaintza handirik. Gainera, Gipuzkoan jendea harritu egin zen. “Ausartu zarete euskaraz?”, esaten zigun jendeak. Esaten zuten ez genuela deus lortuko, baina helburua ez da hori, baizik eta barruan dugun hori azaleratzean gustura geratzea. Egin izan ditut kantak ingelesez, baina azkenean niretzat komunikatzeko biderik onena euskara da, eta hortik jarraitu nahi dut. 

Eskaintza asko aldatu da ordutik gaur egun arte?

Zintzoa izanda, ez nago oso sartuta gaur egungo eskaintzan, eta ez nago egunero sareetan begiratzen zein dagoen eta zer egiten duten. Uste dut sortu direla, baina ez da ikaragarrizko igoera egon. Beste gauza ba-tzuekin ez bezala, ez dira bat-batean talde pila bat sortu. Ez dut ikaragarrizko aurrerapena ikusten, baina egia da gero eta jende gehiago ari dela blusa gure hizkuntzan sor-tzen; zergatik ez?