gasteiz - Araban euskararen erabileran eta hizkuntzaren normalizazioan eragitea, eta horrekin lotuta, Arabako euskaldunon sarea ehuntzea eta euskararen bitartez Araba informatiboki kohesionatzea. Hauek dira ALEA astekari berriaren helburu batzuk. Araba mailako euskara hutsezko astekaria izango da GEU Gasteiz elkarteak, Berriak eta Goienak bultzatuta. 2015eko urtarrilaren 16tik aurrera ostiralero banatuko da harpidetzaren bitartez urtean 50 euroren truke, 32 orrialdez osaturik egongo da eta guztiak koloretan.

Euskara hutsezko aldizkari berriaren 0 ale honek (edo irteera zenbakia) bihar, azaroaren 29an, Oihaneder Euskararen Etxean egingo den aurkezpen jaian argia ikusiko du.

Eñaut Iraeta koordinatzaileak adierazi duenaren arabera, ALEA arabarrei zuzenduriko hedabidea da, euskaldunei bereziki, baina “jakin badakigu tokiko informazioa lantzen duten hedabideak euskaldunak ez direnengana ere heltzen direla”.

Proiektu komunikatibo ireki eta parte-hartzailea izanik herrialdeko hainbat eragile eta norbanakoekin elkarlanean garatu da. ALEAk euskararen erabilera sustatu eta Araba informatiboki kohesionatu nahi du.

“Arabarren ALEA ezagutu dezaten nahi dugu, eta hortik noski harpidedun izateko interesa piztu. Urtarriletik aurrera hasiko da era jarraian banatzen, eta ale kopurua harpidedun kopuruarekin lotuta joango den arren, guk 4.000 edo 5.000 ale izatea nahiko genuke”, adierazi du Eñaut Iraetak.

Hiru zutabe ALEA jasotzeko bide nagusia harpidetzaren bitartez izango da, urtean 50 euroren truke ostiralero jasoko dute aldizkaria. Horretaz gain, gaur egun Berriako harpidedun direnek edo ostiraletan Berria erosten dutenek bertan aurkituko dute astekaria, orain arte, Arabako Hitza aurkitu izan duten bezala. Printzipioz ez dute kioskoetan saltzea aurreikusita.

Aldizkariak hiru zutabe nagusi ditu; alde batetik, asteko gai eta elkarrizketa nagusiak izango direnak; bestetik, kuadrillaz kuadrillako informazioa, eta azkenik kultura, aisialdia, gazteak, haurrak, agenda eta antzekoak bilduko dituen tartea.

ALEAren oinarrian tokiko informazioa eskaintzea dago, jendeak hurbileneko sentitzen duen hori eta beste hedabide batzuetan aurkituko ez duena, gainera euskaraz. Horri emango zaio lehentasuna, herrialde mailako gai garrantzitsuak baztertu gabe.

Baina aldi berean, aisialdiari ere garrantzi berezia eman nahi diote, esaterako, haur eta gazteek tarte propioak izango dituzte astero. Beraiek baitira euskara gehien menperatzen dutenak eta etorkizuneko arabar euskaldunak.

Bultzatzaile nagusiak GEU elkartea, Berria eta Goiena dira. “Baina hasieratik proiektu parte hartzaile eta irekia izatea nahi genuen eta ondorioz hainbat elkarte, erakunde eta norbanakoren bultzada ere izan du”, kontatu du Eñaut Iraetak.

kolaboratzaile sare zabala ALEAren lan talde profesionala Gasteizen egongo da kokatuta eta horretan arituko dira hiru kazetari. Baina hortik haratago proiektu parte hartzailea izatea nahi dute, eta horretarako kolaboratzaile sare zabala izango dute, kuadrillaz kuadrilla, tokiko informazioa lantzen lagunduko dutenak eta gai konkretuen inguruan arituko diren beste hainbat: teknologia berriak, bertsolaritza, sexologia, zinea, etab.

Bihar, azaroaren 29an ezagutzera emango den aurkezpen alean ALEAk bere 32 orrialde koloretsuetan astero eskainiko dituen edukiak azalduko dira. Aurkezpena larunbat arratsaldeko 17.00etan hasiko da Oihaneder Euskararen Etxean. Ekitaldi nagusia 19.30ean izango bada ere, arratsalde osoan zehar adin eta gustu guztietako pertsonen gozamenerako ekintzak egongo dira; haur-ginkana Aker eta Babazorrorekin, Oihan Vegaren “Euskararen espektakulue” bakarrizketa, bertsoak, dantza, Jon Basaguren eta Libe kontzertuan eta zizka-mizkak. Jaian 0 ALEA banatzeaz gain bizikletarako ALEA matrikulak eskuragai egongo dira, eta hamaika pertsonen laguntzarekin egindako promozio bideoak proiektatuko dira.