Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak bost programa jarriko ditu martxan uztailean haurren eta gazteen artean euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko. Bost egitasmoetatik lau haur eta gazte etorri berrien hizkuntza gaitasuna hobetzen laguntzeko antolatuko dira, Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.
Donostiako Udalaren arabera, hiriko ikastetxeetara gero eta haur eta gazte migrante gehiago iristen ari direnez, eta kopuru hori urtetik urtera handituz doanez, haur eta gazte horien hizkuntza gaitasuna hobetzeko "ezinbestekoak dira eskolaz kanpoko programak garatzea", hiriko ikastetxe askok Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak LH 4-6 eta DBH 1-2 mailetan eskaintzen duen Eusle hizkuntza murgiltze programa martxan duten arren.
Horrela, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak doako euskara ikastaroak antolatuko ditu B2 mailara arte iristen ez diren 14-15 urteko gazteentzat. HABEk 16 urte azpikoentzako ikastarorik eskaintzen ez duenez, Euskara Zerbitzuak ikastaroak antolatu eta bere gain hartzea erabaki du hiriko ikastetxeekin eta euskaltegiekin elkarlanean.
Aurtengo urtarrilean 45 orduko ikastaroak antolatu zituen modu pilotuan (72 ikaslek parte hartu zuten), eta emaitza oso onak eman zituztenez, ekainaren 29tik uztailaren 17ra, beste 123 ikasle euskara ikasten arituko dira bi orduz egunero.
Era berean, euskara ikastaroen eskaintzarekin jarraituz, B2 maila arteko doako ikastaroak antolatu dira 16-18 urteko gazteentzat, eta 81 ikaslek eman dute izena egunero lau orduz euskara ikasten aritzeko ekainaren 29tik uztailaren 17ra.
Bestalde, 'Haurrak Udan Mintza Jolasean' eta 'Aisikasi' izeneko jardueretan euskara erabiltzeko gaitasun urria duten haurrek hartuko dute parte. Ume horiek oraindik ez dute euskara menderatzen, gehienak jatorri ezberdineko etorri berriak baitira.
'Haurrak Udan Mintza Jolasean' jardueran, 8-11 urteko 125 haurrek hartuko dute parte, hiriko lau haurtxokotan (Altzan, Amaran, Egian eta Grosen). Egitasmoak hiru aste iraungo du, uztailaren 6tik 24ra. 'Aisikasi' egitasmoa, berriz, 12-13 urte arteko gazteei zuzenduta dago eta 95 gaztek hartuko dute parte, hiriko bost gaztelekutan (Altzan, Amaran, Egian, Grosen eta Intxaurrondon), uztailaren 6tik 24ra.
Bereziki ahozkotasuna landuko dute bi programa trinko horietan, era ludikoan, giro lasaian eta atseginean. Ikastetxeetan euskara ikasten hasi dira amaitu berri den ikasturtean eta ikasketa prozesu horretan laguntzeko asmoz jarri ditu bi egitasmo horiek martxan Udalak. Ikastetxeek "behar-beharrezkotzat" jo dituzte egitasmoak eta, horrenbestez, horiek martxan jartzeko ikastetxeen laguntza eta parte hartze handia izan du Euskara Zerbitzuak.