Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Mondragon Componentes Mondragon Taldeko Industria Arloko atalak bien arteko lankidetza sendotu dute, Energia Eraginkortasuneko Unibertsitatea-Enpresa Gela zabaltzea ahalbidetuko duen hitzarmen berriaren bidez. Ekimenak EHU-Centro Stirling Gelari jarraipena emango dio, eta Mondragon Componentes talde osora hedatuko du lankidetza. Horrela, unibertsitatearen eta industriaren arteko lotura sendotuko da, berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia bizkortzeko, EHUk nabarmendu duenez.

Gotzone Barandika EHUko Transferentzia eta Nazioartekotzeko errektoreordeak eta Javier Olaizola Mondragon Componenteseko Berrikuntza zuzendariak sinatu dute hitzarmena. Francisco Javier Asensio EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzailea izango da Energia Eraginkortasuneko Unibertsitatea-Enpresa Gela zuzendari akademikoa.

Gotzone Barandikak adierazi duenez, "EHUk inguruko industria sarearekiko aliantzak sendotzen jarraitzen du, unibertsitatea-enpresa-gizartea estrategiaren baitan. Mondragon Components Competence Center (MC3) erakundearekin hitzartu dugun lankidetzari esker, gure ikasleek eta irakasle eta ikertzaileek goi mailako jarduera garatu ahal izango dute fabrikazio aditibo jasangarrian, adimen artifizialaren esparruko digitalizazio aurreratuan eta inprimaketa funtzionalean".

"Bereziki interesgarria iruditzen zaigu MC3ren produktuen ikuspegi soziala, besteak beste, adineko pertsonen autonomia sustatzea, uraren kalitatea neurtzeko ekipoak produzitzea edo paziente onkologikoentzako diagnostiko espezializatua garatzea", gaineratu du.

Era berean, Javier Olaizola Mondragon Componenteseko Berrikuntza zuzendariak nabarmendu du hitzarmenaren bidez "talentua erakartzeko eta ezagutzaren eta berrikuntzaren ekosistemarekin lankidetzan aritzeko estrategia" indartu dutela.

"EHUk eta Stirling zentroak (MC3) urte askoan izandako harreman historikoa baliatuz, hitzarmen honek beste pauso bat eman du aurrera; izan ere, Mondragon taldeko osagaien dibisioa eta bertako zazpi industria kooperatibak gelako dinamikan txertatuko ditu, energia eraginkortasunaren, potentzia elektronikaren eta elektromagnetismoaren arloetan ikerkuntzako proposamen berriak garatzeko", azaldu du.

Etorkizunera begira, Energia Eraginkortasuneko Unibertsitatea-Enpresa Gelak praktika akademikoak, prestakuntza duala, Gradu eta Master Amaierako Lanak, ikerkuntza aplikatuko proiektuak, jardunaldi teknikoak eta etorkizuneko doktorego tesiak bultzatzen jarraituko du.

JARDUERA

Bere jarduera bideratuko da energia sortzeko eta biltegiratzeko teknologia berrien garapenera, sentsorika aurreratura, potentzia elektronikara, industria digitalizaziora, energia berriztagarrien integraziora eta industria eraginkorragoa eta deskarbonizatuagoa lortzen lagunduko duten soluzioetara.

Francisco Javier Asensioren hitzetan, "EHU-Centro Stirling Gelaren ibilbidean garatutako hitzarmeneko 20.000tik gora orduek agerian uzten dute unibertsitateak eta enpresak ikuspegi partekatua dutenean ezagutza berrikuntza, talentu eta gure industria sarearentzako benetako aukera bihurtzen dela".

EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolarentzat, hitzarmenak etorkizuneko energia eta industria erronka handiei erantzuteko gai den berrikuntza ekosistema sendotuko du, eta lankidetza aukera berriak ireki eremu akademikoaren eta enpresa munduaren artean.