Síguenos en redes sociales:

EHUko Gizarte Kontseiluak euskal unibertsitate publikoa Enlight aliantza europarrean sartzea onartu du

Halaber, 10.000 eurotik gorako beste hiru aldaketa ere onartu dira

EHUko Gizarte Kontseiluak euskal unibertsitate publikoa Enlight aliantza europarrean sartzea onartu duUtzitakoa

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak euskal unibertsitate publikoa Enlight Unibertsitate Aliantza Europarrean sartzea onartu du asteazken honetan, Ekonomia eta Finantza Batzordeak proposatuta. Sarea ospe sendoa duten Europako hamar unibertsitatek osatzen dute, goi mailako hezkuntza eraldatzeko, ekitatea sustatzeko eta berrikuntza akademikoaren, ikerketa jasangarriaren eta bikaintasunaren bidez gizarte erronkei erantzuteko.

EHUz gain, Gante (Belgika), Bordele (Frantzia), Berna (Suitza), Comenius de Bratislava (Eslovakia), Galway (Irlanda), Groninga (Herbehereak), Gotinga (Alemania), Tartu (Eslovenia) eta Uppsalako (Suedia) unibertsitateek ere parte hartzen dute aliantzan. Unibertsitate horietan 350.000 ikasle baino gehiago biltzen dira.

EHUko Gizarte Kontseilutik jakinarazi dutenez, Enlight Belgikan egoitza duen irabazi asmorik gabeko nazioarteko figura juridikoan oinarritzen da, eta unibertsitate komunitateari zuzendutako hainbat onura eta programa eskaintzen ditu, parte hartzaile bakoitzaren autonomia instituzionala erabat errespetatuz.

Elkarteak hainbat mugikortasun programa garatu ditu azken urteotan, ikasleek aukera izan dezaten nazioarteko ikasketak, moduluak eta lankidetza proiektuak egiteko kide diren hamar unibertsitateetako edozeinetan. Era berean, nazioarteko aliantzak hainbat ikerketa proiektu eta beka gauzatzen ditu, diziplina anitzeko sareen garapena bultzatuz, finantza laguntzen deialdiekin eta truke proiektuekin. Eragin sozialeko hainbat proiektu ere garatu ditu, eta, horretarako, ikerketa inpaktua neurtzeko eta jardunbide egokiak egiteko plataforma bat du.

Bestalde, EHUko Gizarte Kontseiluaren osoko bilkuran, eta Ekonomia eta Finantza Batzordeak proposatuta, zortzi aurrekontu aldaketa ere onartu dira, 112.000 eurotik gorako zenbateko metatuarekin. Proposamen horietatik bost altzariak eta irakaskuntza eta zientzia ekipamendua erostera bideratutako 10.000 eurotik beherako eragiketei dagozkie, bai eta EHUren ikerketa proiektuen funtzionamendu gastuei ere. Aldaketa horien zenbatekoa ia 25.500 eurokoa da.

Halaber, 10.000 eurotik gorako beste hiru aldaketa ere onartu dira, 86.600 eurotik gorako saldoarekin, euskal unibertsitate publikoko zenbait sailetarako ekipamendu zientifikoa eta kirol ekipamendua erostera bideratuak.

Era berean, EHUko Gizarte Kontseiluaren osoko nilkurak ordainsari osagarri gehigarri batzuk esleitu dizkie unibertsitateko irakasle eta ikertzaileei, eta 2026-2027ko ikasturterako ikasleen bost lankidetza bekak unibertsitate sailetan banatzea erabaki du, Eusko Jaurlaritzak EHUko Euskal Unibertsitate Sistemako Ikerketa Taldeei emandako gehienezko puntuazioen arabera lortutako sailen rankingak kontuan hartuta.

Horren arabera, hurrengo sail hauei egokitu zaie beka bana: Artea eta Giza Zientziak (Filologia eta Historia), Osasun Zientziak (Pediatria), Zientzia Esperimentalak (Kimika Organikoa I), Gizarte eta Lege Zientziak (Filosofia), eta Ingeniaritza eta Arkitektura (Elektrizitatea eta Elektronika).