Lazarraga Kultur Elkarteak Markos Gimenoren Karteletrak erakusketa zabaluko du Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean ostiralean, urriaren 3an, eta hilaren 26ra arte egongo da ikusgai. Euskaraz idatzitako 50 palindromo baino gehiago biltzen ditu, batzuk egileak berak sortuak eta beste batzuk 30 artistak baino gehiagok ilustratuak.

Artista horien artean daude Fernando eta Vicente Roscubas anaiak, Aristides Hernandez (Ares) kubatarra, Jose Enrike Urrutia 'Kapeau', Unai Iturriaga 'Bigara', Jose Antonio Azpilicueta, Gotzon Garaizabal eta Luis Zavalamendia. Gimenoren palindromoak oinarri duten Esther Astarloaren zeramikak ere erakutsiko dira, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Joseba Sarrionaindia eta Esteban Montorio dira Markos Gimenoren 'Karteletrak' erakusketa komisarioak. Gimenok berak idatzitako palindromoetatik sortutako 53 kartel biltzen ditu, eta adiskide askok eta Euskal Herriko artista ugarik parte hartzen dute "Gimenorekiko adiskidetasun eta jenialtasunari egindako omenaldi hunkigarrian", bere palindromoak ilustratuz.

Erakusketa 11:00etatik 13:00etara bisita daiteke astearte eta asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara ostiral eta larunbatetan eta 12:00etatik 14:00etara igandeetan (urriko asteburu guztietan, 10, 11 eta 12an izan ezik)

Erakusketarekin batera, Markos Gimenoren 101 Letrakartel liburuak Joseba Sarrionandiak glosatutako ehundik gora irudi aurkezten ditu.Gimenoren eta benetako eta fikziozko hainbat egileren idazkiak biltzen ditu, Esteban Montoriok egindako diseinuarekin. "Gimenoren mundu palindromikoa barru-barrutik aztertzeko aukera paregabea da", adierazi dute.

ERAKUSKETA

Erakusketa 11:00etatik 13:00etara bisita daiteke astearte eta asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara ostiral eta larunbatetan eta 12:00etatik 14:00etara igandeetan (urriko asteburu guztietan, 10, 11 eta 12an izan ezik).

Gainera, erakusketarekin lotutako jarduera osagarriak antolatuko dira urrian zehar, hala nola inaugurazioa eta Joseba Sarrionandiaren bisita gidatua; Anari eta Ihana Iriondoren kontzertuak eta Mursegoren Sukramarkus proiektua; palindromoak sortzeko tailerrak heldu zein familientzat, eta bisitak Iñaki Lazkano eta Roberto Sanchezen eskutik.