Síguenos en redes sociales:

Euskaldunen hizkuntza eskubideen babesean eraginkorragoak izateko akordioa sinatu dute Behatokiak eta Bergarako Udalak

Euskaldunen hizkuntza eskubideen babesean eraginkorragoak izateko akordioa sinatu dute Behatokiak eta Bergarako UdalakUtzitakoa

Bergarako Udalak (Gipuzkoa) eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak lankidetza hitzarmena sinatu dute ostegun honetan, herritar euskaldunen hizkuntza eskubideen babesean eraginkorragoak izateko helburuarekin.

Hain zuzen, Behatokiaren xede nagusia hizkuntza eskubideen inguruko kontzientzia areagotzea eta horien babesean eragitea da, eta xede horrekin bat egin du Bergarako Udalak, Behatokitik jakinarazi dutenez.

Bada, hitzarmenaren bidez, bi erakundeek bat egin dute euskara sustatu, hizkuntza eskubideak bermatu eta euskaldunok ahalduntzeko hitzarmenean jasotako zenbait erronkarekin, hala nola euskararen normalizazioa agenda politikoaren erdigunera eramatearekin edota Bergarako Udalean berariazko nahiz zeharkako hizkuntza politikak garatzearekin.

Era berean, administrazio publiko zein enpresa pribatu ezberdinetan herritarrek pairatzen dituzten hizkuntza eskubideen urraketekiko neurrietan eragingo dute elkarlanean, eta aldaketak eskatuko dituzte hizkuntza eskubideen urraketak egiten dituzten administrazio, enpresa zein eragileengan. Herritarren ahalduntzean eta hizkuntza ohituretan ere eragin nahi dute, euskaraz bizitzeko dituzten oztopoak gainditzen lagunduz.

Helburuak lortzeko, bi erakundeek elkarrekin gauzatzeko eta uztartzeko egokiak diren ekimenak bultzatuko dituzte. Horrela, alde batetik, elkarrekin landuko dute hizkuntza eskubideen gaineko kontzientzia hartzeko eta eskubide urraketei aurrea hartzeko lan ildoa. Horretarako, Bergarako Udalak herritarrei helaraziko die Behatokiak eskaintzen dituen zerbitzu edo laguntzaren gaineko informazioa.

Era berean, Behatokiak Bergarako Udalari helaraziko dizkio udalerrian bizi edo lan egiten duten herritarrek Euskararen Telefonora bideratutako eremu publiko zein sozioekonomikoko intzidentziak, hizkuntza eskubideen bermean antzemandako hutsune eta hobetu beharrekoen berri emanez.

BESTE DATU BATZUK

Horien bidez, Bergarako Udalak euskararen erabilerari dagokionez sustapen lan handiagoa eskaintzen duten arloak identifikatuta eduki ahal izango ditu, eta, bere eskumenen barruan, dagozkion neurri zuzentzaileak abiatu.

Azkenik, Bergarako herritarren artean hizkuntza eskubideekiko kontzientzia lantzeko hitzaldia eskainiko du Behatokiak, herritarrek dituzten eskubideekiko kontzientzia hartzeaz gaindi, arlo publiko zein pribatuan euskararen erabilera erosoa oztopatzen duten egoerak identifikatzea eta horien gaineko ahalduntzea lantzeko.