CAF konpainiak trenak mantentzeko bi kontratu berri lortu ditu Brasilen eta Zeelanda berrian, 100 milioi euro baino gehiagoko guztizko balioarekin. Kontratuen arabera, CAFek berak fabrikatutako eta hornitutako tren floten mantentze lanak egingo ditu.
Hala, CAFek jakinarazi duenez, aurrera egin du trenen mantentze lanen arloa bultzatzeko egindako apustuan. Gaur egun, sail horrek zerbitzuetako 150 kontratu baino gehiago kudeatzen ditu eta 11.600 kotxeren mantentze lana egiten du 20 herrialdetan, 4.000 langile baino gehiagorekin.
Bada, alde batetik, CAFek Motiva taldeko Sao Pauloko metroko 5. linea operatzen duen Brasilgo sozietate emakidadunarekin kontratua sinatu du. Akordioak sei kotxeko 26 unitatetan 14 urtez mantentze integrala egitea jasotzen du. Sao Pauloko metroak enpresari 2011n esleitu zion kontratuaren baitan CAFek hornitu zituen unitateak dira, eta lanak Capão Redondoko eta Guido Caloiko tailerretan egingo dituzte.
Unitateek Sao Paulo hiri jendetsuko metroko 5. linean ematen dute zerbitzua. Metro sistema osatzen duten sei lineetako bat da, eta 20 kilometroko luzera du. Lineak hiriko eremu garrantzitsuenetako batzuk lotzen ditu (hala nola Santo Amaro, Moema eta Vila Mariana), eta egunean 600.000 bidaiari baino gehiago garraiatzen.
Kontratuak CAFek Brasilen garatzen dituen jarduerak indartuko ditu. CAF 1998. urtetik dago Brasilen, eta bertako hainbat bezerorentzako proiektuak garatu ditu, hala bola CPTM (Companhia Paulista de Trens Metropolitanos), Porto Alegreko Trensurb, Belo Horizonte hirirako CBTU edo Sao Pauloko metroarentzat. Horien guztizko balioa 2.000 milioi eurotik gorakoa da.
Beste alde batetik, CAFek zerbitzuetako beste kontratu bat hitzartu du Auckland One Rail Limited (AOR) enpresa pribatuarekin. Enpresa horrek egiten ditu Auckland Transport operadorearen esku dagoen Aucklandeko trenbide sare elektrikoko operazio eta mantentze lanak. Sistemak lau linea ditu, 94 kilometroko guztizko luzerarekin, eta 42 geltoki, herrialdeko hiri mugikortasunerako funtsezko ardatza izanik.
Kontratuaren irismenak ingeniaritza, prestakuntza eta ordezko piezak hornitzea aurreikusten du, CAFek Auckland Transport enpresari hornitutako 95 unitate elektrikoko flotarentzat, 2011tik egindako zenbait kontraturen bidez.
Kontratuak bost urteko iraupena izango du eta lanak Wirin (Auckland) duen tailerrean egingo dituzte. Hain zuzen ere, tailer horretan egiten dituzte unitate horien mantente lanak.
Proiektu berriak CAFek Zeelanda Berrian egiten dituen operazioen jarraipena bermatzen du, eta eskualdean garraio jasangarria garatzeko konpromisoa berretsiko du.