Mario Larrinaga Mochalesek sortutako 'Camino a Bilbao' izeneko kartela izango da 2025. urteko Bilboko Aste Nagusiko irudia, kartel lehiaketaren sei lan finalisten artean bozen %43,77 jaso ondoren. Abuztuaren 16tik 24ra ospatuko dira Bizkaiko hiriburuko jaiak.

Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Berdintasun eta Jaietako zinegotziak iragarri du kartel irabazlea astearte honetan udaletxean, lehiaketako epaimahaiarekin batera. "Gure Aste Nagusiaren espirituarekin bat datorren kartela da: inklusiboa, anitza eta munduari irekia", nabarmendu du Urtasunek.

Guztira, 222 proposamen aurkeztu dira lehiaketara: 72 Bilbokoak, 72 Euskadiko beste herrietakoak, 59 Espainiako Estatukoak eta 19 beste herrialde batzuetakoak. Diseinu grafikoko profesionalek eta zaleek ia parekatuta parte hartu dute.

Bere inpaktu bisualagatik, teknikagatik eta Aste Nagusi anitz, alai eta ordezkatzaile bat islatzeko gaitasunagatik nabarmendu du epaimahaiak irudi irabazlea

Hautaketa sistema misto batekin egin da: herritarrek sarean bozkatu ahal izan dute Bilboko Udalaren webgunean eta aurrez aurre Abandoko udal zentroan, ekainaren 9tik 15era bitartean.

BESTE DATU BATZUK

Era berean, epaimahaikideek ikuspegi tekniko eta artistikoa jarri diote erabakiari. Itziar Urtasun bera, Asier Abaunza eta Garazi Perea zinegotziak, Alicia Fernandez Rekalde aretoko zuzendaria, Alberto Salcedo Bilbao Arteko ordezkaria, Susana Alaguero Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko arduraduna, Andoni Calvo kazetaria eta Bilboko Konpartsen ordezkaria Lorea Ureta izan dira epaimahaikideak.

Gainera, edizio honetan aditu gonbidatuak izan dira epaimahaian: Borja Sanz Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko irakaslea eta adimen artifizialaren erabilerari buruzko aholkularia eta Alba Gutierrez Bilbon bizi den murtziar jatorriko diseinatzaile eta tatuatzailea.

Bere inpaktu bisualagatik, teknikagatik eta Aste Nagusi anitz, alai eta ordezkatzaile bat islatzeko gaitasunagatik nabarmendu du epaimahaiak irudi irabazlea. Egileak 3.000 euroko saria jasoko du.