'Odol Ilargia' bost ataleko fikziozko telesail berriaren filmaketa hasi da aste honetan Bizkaian, eta 2026an estreinatuko da Primeran plataforman. Baleukok eta EITBk ekoitzi dute, publiko gazteari zuzenduta dago eta elementu fantastikoekin osatutako thrillerra da.

David R. Losada zinemagilea da zuzendaria, eta gidoia ere berak idatzi du, Mikel Alvarez Sarriegirekin batera, Belen Martinezen 'Cuando reescribamos la historia' eleberrian oinarrituta, EITBko iturriek jakinarazi dutenez.

Telesailak lagun talde baten bizitzan bi denbora-une zehatz ditu ardatz, hamar urteko aldearekin bataren eta bestearen artean (2015 eta 2025). Suizidio baten eta gertaera horren atzean urtetan isildutako traumaren inguruan garatuko da istorioa.

Julen telesaileko protagonistak argitara atera beharko du guztia, eta bidaia horretan, hainbat gaitan jarriko du arreta ikus-entzunezko lanak, hala nola bigarren aukeretan, adiskidetasunaren balioan edo identitate sexualean.

"Zuzendariaren begirada pertsonaletik ikusiko dugu gaztetasunak berezkoa duen ikuspegi subjektiboa, emozioen esparruarekin lotura hain estua izan ohi duen perspektiba hori. Horretarako, gaur egungo lengoaia baten alde egingo du, erritmo biziarekin indartuta", azaldu dute EITBtik.

Antzezle taldean aurpegi gazte berriak daude, besteak beste, Jon Muñoz, Aritz Kortabarria, Nekane Otxoa, Sambou Diaby, Itziar de Castro, Lier Alava, Asier Valdestilla, Mikele Arizkorreta edo Nerea Sanz. Haiekin batera, eskarmentudun euskal aktoreak daude, hala nola Iñigo Aranburu, Iraia Elias edo Aitor Borobia.

BESTE DATU BATZUK

Telesailaren filmaketa Basaurin, Galdakaon eta Bilbon ari dira egiten egunotan, istorioan institutua, atletismo kluba, protagonisten etxebizitzak eta espetxea izango diren tokietan, hain zuzen ere.

Musika ere elementu klabea izango da. Besteak beste, Belako eta 2zio taldeen doinuak izango dira entzungai, eta bereziki adierazgarria da Elena Setienek konposatutako musika originala.

David R. Losada lehen aldiz ari da fikziozko telesail baten zuzendaritzan, aurretik 'La noche del ratón' (2015) eta 'Lady off' (2018) film luzeak eta 'Mosquito' (2023) film laburra zuzendu ostean.

Argazkilaritza Endika Gabilondorena da, eta Sultana del Badal arituko da arte zuzendaritzan. Idurre Cajaraville da ekoizle eragilea, eta Katixa de Silva ekoizpen zuzendaria; Alba Lozano, berriz, bigarren unitateko zuzendaritza arduraduna.