Bilboko Udalak ia 3,5 milioi euro inbertituko ditu Udaletxeko zubia eta Begoñako tunelak hobetzeko eta egokitzeko lanetan. Azpiegiturek ez dute egiturazko kalte esanguratsurik eta ez dira arriskutsuak herritarrentzat, baina aurreko analisietan antzemandako patologiak konpontzeko eta azpiegituron irudia hobetzeko eta hirian hobeto txertatzeko egingo dira lanak.

Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, hilabeteak daramatzate hirian dauden azpiegitura berezien egoera aztertzen. Guztira 108 dira, besteak beste, zubiak eta pasarelak, tunelak edota lurpeko pasabideak, eta azterlan horien ondorioz, hainbat premia diagnostikatu dira azpiegitura horietako batzuetan, hala nola Udaletxeko zubian eta Begoñako tuneletan.

Horregatik, proiektu bana eskatu eta prestatu da beren-beregi. Proiektuok udaleko teknikari eta arduradunen oniritzia dute eta datozen hilabeteetan jorratuko dira.

Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako Saileko zinegotziak adierazi du obrak gauzatzean lortu nahi dituzten helburuak berdinak direla bi esku hartzeetarako.

BESTE DATU BATZUK

"Alde batetik, aurretik egindako analisi eta azterlanen bidez azpiegitura horietan detektatu diren patologiak konpontzea, kontuan hartuta ez batak ez besteak ez dutela arriskurik herritarrentzat eta ez daukatela egiturazko kalte garrantzitsurik, eta, bestetik, haien irudia hobetzea eta hiri inguruneetan integratzea", azaldu du.

Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako Saileko zinegotziak adierazi du obrak gauzatzean lortu nahi dituzten helburuak berdinak direla bi esku hartzeetarako

Bi proiektuak laster onartuko dira Bilboko Udalaren gobernu bileran, eta ondoren lizitaziora aterako dira. Zehazki, Udaletxeko zubian egin beharreko jarduketetarako 2.218.240 euroko aurrekontu saila gordeko da, eta Begoñako tuneletarako, berriz, 1.233.247 eurokoa, BEZa barne bi kasuetan.