Gipuzkoako Foru Aldundiak Errekaldeko biribilgunea (Donostia) eta Galarretako eremua (Hernani) lotuko dituen bizikleta eta oinezkoen ibilbide berria eraikitzeko proiektuaren lizitazioa onetsi du. Jarduketak 4.651.572,98 euroko aurrekontua du, eta urrian hastea aurreikusten da, 15 hilabeteko epean gauzatzeko.

Foru erakundeak jakinarazi duenez, proiektuaren helburuak dira mugikortasun jasangarria sustatzea, bide segurtasuna hobetzea eta irisgarritasuna indartzea, oinez edo bizikletaz Donostia, Hernani eta Lasarte-Oria arteko joan-etorriak erraztuz. Bidegorri berriak lotura arina sortuko du garraiobide desberdinen artean eta zirkulazio segurua bermatuko du.

1.240 metroko luzerarekin eta 3 metroko zabalerarekin, lizitatutako ibilbide berria GI-2132 errepidearekiko paraleloan joango da, galtzadatik hormigoizko segurtasun hesien bidez bereizita.

Azpiegiturak gune estrategikoak lotuko ditu, hala nola Euskotrenen Errekaldeko geltokia, Chillida-Leku museoa, Galarretako zentro teknologikoa, Mondragon Unibertsitateko campusa eta industrialderako etorkizuneko sarbidea

Azpiegiturak gune estrategikoak lotuko ditu, hala nola Euskotrenen Errekaldeko geltokia, Chillida-Leku museoa, Galarretako zentro teknologikoa, Mondragon Unibertsitateko campusa eta industrialderako etorkizuneko sarbidea.

Bidegorria egiteko, egungo GI-2132 errepidean egin beharko da jarduketa. Zehazki, bizikletentzako eta oinezkoentzako plataforma berria ezarri ahal izateko, galtzadaren neurriak doituko dira, eta, beharrezkoa den lekuetan, handitu egingo da, eusteko horma txikiak eraikiz. Chillida-Lekurako eta Lore Tokirako sarbideen arteko zatian, museoaren ingurunean ahalik eta eragin txikiena izateko, errepidea zertxobait bat mugituko da ezpondarantz.

Kutxa Ekoguneko sarbideko pasabidea maila berean gauzatuko da, eta, ondoren, bigarren ingurabideko bidezubiaren estribuaren oinean dagoen plataforma goratuarekin lotuko da.+

BESTE DATU BATZUK

Ibilbidea Hernaniko Udalak laster zerrategiaren ondoan egingo duen biribilgune berrian amaituko da. Galarretako biribilgunera arteko 250 metroak udalak egingo ditu ondoren, eta foru erakundeak finantzatuko ditu, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmen baten esparruan.

GI-2132 errepideak 15.000 ibilgailuko batez besteko trafiko intentsitatea du egunero, eta, beraz, obrak dirauen bitartean errepidearen eraginkortasuna mantentzea aurreikusi du proiektuak. Bi errei mantenduko dira (noranzko bakoitzeko bat), eta, txandakako pasabideak egin behar direnean, zirkulazio intentsitate txikiko ordu tarteetara mugatuko dira.

Gainera, bidegorri berriaren ibilbide osoa 52 argi punturen bidez argiztatuko da, ibilbidearen segurtasuna indartuz, bai oinezkoentzat, bai txirrindularientzat.