Dantz Point Bizkaia by BBK ekimena hazi egingo da aurten iazko lehen edizioan izandako arrakastaren ondoren, eta doako sei saio izango ditu ekainetik irailera bitartean, lehen aldiz Bilbora ere iritziz. Hiriburuarekin batera, Gernika-Lumo, Bermeo, Sestao, Getxo eta Durangon egingo dira saioak, balio historiko, natural eta industrial handiko espazioetan, arduradunek azaldu dutenez.

Dantz plataformak sustatzen eta BBK banku fundazioak laguntzen duen proiektuak bigarren edizioa egingo du 2025ean, "kultura elektronikoaren eta Bizkaiko ondarearen balioa nabarmentzearen aldeko apustua sendotu eta zbalduz".

Ekainetik irailera bitarteko hilabeteetan doako sei ekitaldi izango dira, eta berritasun nagusia da Bilbo ere izango dela geldialdietako bat, Aste Nagusian kokatuko den gune sinboliko batean.

Iaz bost udalerritan ehunka pertsona bildu zituen ekimenak "esperientzia kultural paregabeak eskaintzen ditu leku enblematikoetan, horien memoria historikoa musika elektroniko eta garaikidearen bidez berrinterpretatuz".

Bada, aurtengo edizioan, Dantz Point ekimeneko saioak Gernika-Lumora, Bermeora, Sestaora, Getxora, Durangora eta Bilbora iritsiko dira, "ondare, komunitate eta abangoardiako artearen arteko konexioa indartuz".

Lehen hitzordua ekainaren 14an izango da, Gernika-Lumoko Seber Altube anfiteatroan, Cyava (Italia), Gobaxx, Nebreda B2B Unzu, Gerekiz & 8DER eta Fem & Bör-en doinuekin. Programazioa Infinity Clubbing kolektiboarekin elkarlanean antolatu da.

Egitarauak ekainaren 21ean jarraituko du Black Heart kolektiboarekin elkarlanean, Bermeoko Talan, non "musika elektronikoak soinu begiraleku" bihurtuko duen tokia. Uztailaren 4an, Sestao Labe Garaien espazioak "elektronika murgiltzaileko gau bat" hartuko du.

Getxoko Portu Zaharrean jarraituko du ekimenbak oraindik zehaztu gabe dagoen egun batean, eta programazioa Nexo Malito kolektiboarekin elkarlanean antolatuko da.

Dantz Point Bizkaia by BBK lehen aldiz iritsiko da Bilbora, Aste Nagusiaren baitan. Kokapen zehatza laster iragarriko da, baina "oso gune berezia" izango da, "hiriko memoria industrialarekin estuki lotuta eta sinbolismo handikoa". "Musika elektronikoaren erritmoan, espazio horrek berriz bizia hartuko du, iraganaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa biziberrituz", adierazi dute.

Aurtengo edizioa bukatzeko, Durangoko Landako Gunean izango da saioa irailaren 13an, Olma fundizio zaharreko tximiniaren inguruan "herriaren iragana eta oraina berriro elkarrizketan" jarriko dituen emanaldian.

DOAKOAK

Aurreko urtean bezala, ekitaldi guztiak doakoak izango dira eta publiko guztientzat zabalik egongo dira, BBK banku fundazioaren eta parte hartzen duten udalen lankidetzari esker. Jasangarritasuna, espazioekiko errespetua eta komunitatearekiko konpromisoa izango dira zikloaren ardatz nagusiak.

Ekimenaren sustatzailea den Dantz plataformak erreferente izaten jarraitzen du nazioarteko eszena elektronikoan, Lisboan, Amsterdamen, Atenasen edo Donostian ospatutako 90 ekitaldi baino gehiagorekin.

Dantz Point egitasmoaren bitartez, "proiektuak zubiak eraikitzen jarraitzen du iraganaren eta etorkizunaren, tradizioaren eta abangoardiaren, ondarearen eta esperientzia artistikoaren artean".