Bizkaiko Foru Aldundiak Eskulangintza Sustatzeko 2025eko programaren oinarriak eta deialdia arautzen dituen foru dekretua onartu du ostegun honetan, eta 375.500 euroko aurrekontua gorde du. Programaren helburua lurraldeko artisautza sektorea dinamizatzea eta indartzea da, lehiakortasuna hobetu, berrikuntza babestu eta asoziazionismoa sustatzeko.

Foru erakundeko arduradunen arabera, laguntzak norgehiagoka bidez ebatziko dira, eta artisautza erakunde zein elkarteei zuzenduta daude. Diru laguntzen bidez, Bizkaiko Artisauen Erregistro Ofizialean inskribatutako ehunka artisautza erakunde inguru finantzatu ahal izango dira.

Programa bi jarduketa arloren inguruan egituratuko da. Alde batetik, artisautza erakundeek lehiakortasuna indartzeko garatutako jarduerak babestuko dira, hala nola makineria eta ekipamendu informatikoa erostea, tailerrak hobetzea, azoketan edo prestakuntza ikastaroetan parte hartzea eta sustapen materiala prestatzea.

Beste alde batetik, tokiko elkarte eta erakundeek bultzatutako jarduerei lagunduko zaie; horien artean daude artisautza enpresei zuzendutako prestakuntza jarduerak, artisautza azokak antolatzea, sektorea zabaltzeko eta sustatzeko ekintzak, sektorearen kudeaketa eta lehiakortasuna hobetzeko beste ekimen batzuekin batera.

Eskulangintza sustatzeko 2025eko programaren helburua da eskulangintzaren balorazioa handitzea, Bizkaiko gizartearen nortasun kultural, sozial eta ekonomikoaren zati integrala den aldetik, eta, horren bidez, artisautza sektorea indartzeaz batera, merkatuan haren balorazioa sustatzea.

Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 22an hasi eta maiatzaren 16an amaituko da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan egin berharko da (www.ebizkaia.eus).

Azkenik, Eskuartie udaberriko artisautza azoka inauguratuko da Bilboko Areatzan ostiralean, apirilaren 11n, 12:00etan. Euskal Herriko artisautza tradizionala sustatzeko Arbaso elkarteak antolatutako ekitaldia da, eta laguntza programa berriaren finantzazioa izan du 2024eko ekitaldian. Eskuartie apirilaren 21era arte egongo da zabalik.