Síguenos en redes sociales:

Lazarraga Sariek Arabako eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzen duten enpresak aitortuko ditu beste behin

Lazarraga Sariek Arabako eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzen duten enpresak aitortuko ditu beste behinCedida

Arabako Foru Aldundiak eta Bai Euskarari Elkarteak Lazarraga Sarien zortzigarren edizioa jarri dute martxan, lurraldeko esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko enpresek egindako lana aitortzeko. Hautagaiak aurkezteko epea urriaren 30era arte dago zabalik, eta sariak azaroaren 26an banatuko dira.

Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak eta Bergoi Madernaz Bai Euskarari Elkarteko kideak aurkezpenean nabarmendu dute "oso garrantzitsua" dela enpresa erakunde askok euskara egunerokoan txertatzeko eta gizarteratzeko tresna bihurtzeko egiten duten ahalegina balioestea.

Bada, ahalegin hori aitortzeko, lurralde historikoko bost erakunde edo pertsona fisiko sarituko dira, gizartean eta enpresetan euskararen erabilera bultzatzeko egindako lanagatik eta egindako ekimenengatik.

"Lazarraga Sariek erakundeak eta pertsonak aintzatesten dituzte, eta oso pozgarria da aurreko edizioetako saridunen zerrenda errepasatzea, bertan egiaztatzen baita berrikuntza sozialagatik ezagunak diren enpresak euskara sustatzeagatik ere aintzatetsi direla. Hori izan behar da gero eta herritar elebidun gehiago dituen lurralde bati erantzun egokia emateko bidea. Gure egungo gizarteak euskaraz hitz egiteko gero eta aukera gehiago bermatu behar ditu, eremua edozein dela ere, hezkuntzan hasi eta bukatu", adierazi du Berriozabalek.

Nabarmendu du Arabako enpresak "lehiakorrak" direla, "zorionez", baina "hizkuntza kudeaketan ere lehiakorrak izateko" lan egin behar dela. "Era berean, inork ez du zalantzan jartzen gure Lanbide Heziketa eredugarria eta lehiakorra denik, eta euskararen presentzia eta erabilera ere eredugarria eta lehiakorra izatea lortu beharko genuke", gaineratu du.

Euskaraz idazten aitzindaria izan zen Juan Perez Lazarragaren izena daramate sariek, eta Arabako enpresa eremuan euskararen erabileran eragin nahi duen 'Lanabes - Araban Euskara Lanean' ekimenaren parte dira. Proiektuaren bidez, Arabako esparru sozioekonomikoan aintzatetsitako enpresa eta entitateen sare bat ehundu nahi da.