Korrika 2024 motorrak berotzen dabil dagoeneko, datorren martxoaren 14an Irundik abiatuko den 23. edizioaren atarian; ostegun honetan bertan, aurretiko jardueren egutegiaren baitan, omenaldia egin zaie Hondarribian Azterketak Euskaraz kolektiboko ikasleei, hiru hamarkada luze badaramatzatelako Iparraldean azterketak euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzen. Itsas Etxea Auditorioan izan da ekitaldia eta Oihaletxea dokumentala aurkezteko ere baliatu dute, Seaskako eskola komunitatearen testigantzak biltzen dituen ikus-entzunezkoa, alegia.
Horrenbestez, Iparraldeko ikasleen egoeraren bozgorailu bihurtu da Korrika, euren bizitzako une oso erabakigarrian azterketak frantsesez egitea “inposatzen” zaielako, ikasketetan hizkuntza hori erabiltzen ez dutelarik. Halaxe gertatzen da eskola amaitzean derrigorrez egin beharreko Baxoa izeneko probarekin, bai eta Hegoaldeko selektibitatearekin pareka daitekeen Brebeta izeneko bigarren probarekin ere.
“Euskal Herri osoan eta hemendik kanpo ere bai. Mundu guztiak jakin dezala, gaur egun gazte horiek ezin dutela euren ikasketen funtsezko zati bat beraien hizkuntzan garatu, eta bidegabekeria horren aurka urratsak ematen jarraituko dutela”, esan du topaketan Ane Elordi Korrikako arduradunak.
Euskara erabiliz bizitzeko eskubidea
Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak euskararen ofizialtasuna eta euskara erabiliz bizitzeko eskubidea aldarrikatu ditu, gure hizkuntzaren normalizazioak egunero aurkitzen dituen oztopo guztien gainetik. “Harro hadi Euskal Herri, ikastolak konstituzioaren kontrakotzat jotzen dituen lege horren aurrean”, aldarrikatu du.
Bestalde, Manex Erdozaintzi Etxart ikastolako irakasle Elorri Falxak biziki gaitzetsi du, Frantziako Administrazioak “hizkuntza zapalkuntzaren konplize bihurtu nahi izatea irakasleak”. Horren harira, Azterketak Euskaraz taldearen izenean Maika Gueinçanburu ikasleak, aurreko belaunaldien lana goraipatu nahi izan du. “Batzuetan, abestuz eta dantzatuz egin diogu aurre inposizioari; beste batzuetan, berriz, okupazio eta desobedientzia ekintzekin; beti maitasunetik, ordea, gure aurrekoen bideari jarraituz”, defendatu du.
Halaber, dokumentalaren zuzendariak, Lander Garrok, Korrikak eta Azterketak Euskaraz-ek hainbat puntu komun badituztela aipatu du. “Bi ekimen horiek desagertzeko helburuarekin sortutakoak dira. Biekiko maitasun handia sentitu arren, batak zein besteak ez dute betikotzeko asmorik, biak anomalia baten ondorioz sortu zirelako, bidegabeko zerbait aldatzeko asmoz”, azaldu du.
Bestalde, “oihaletxea” kanpadenda euskara irudikatzen duen metafora bat dela azaldu du: “Gu dendaren barruan gaude (euskara), eta berak babestu egiten gaitu. Denda da gure aterpea, baina kanpoko elementuen mende gaude, haizea, hotza, ekaitza... Dendari tinko eusten diogu, hegan joan ez dadin eta, aldi berean, ez dugu denborarik hura sendotzeko, esku artean daukagunari ahal dugun moduan eusten diogun bitartean bestelako hainbat zorigaitzei aurre egin behar diegulako”, esan du konparazioa eginez. “Aurrera egingo dugu, harrotasunez, harik eta giro apetatsuari aurre egin behar dioten oihal hauskor eta arin horiek, benetako harrizko etxe sendo eta atsegin bihurtu arte”.