Gasteizko Udalak eta Arabako Foru aldundiak urriaren 1etik aurrera jarriko dute martxan Green Card turismo-txartela, lurralde osoko bisita gidatuetan, eta kultura eta aisialdiko beste jarduera batzuetan, tokiko saltokietan egindako erosketetan eta sukaldaritzako eta ostatu hartzeko zerbitzuetan deskontuak eskaintzen dituena.
“Green Card txartelaren bidez, turismoaren sektorearen jarduera bultzatu eta tokiko sektore baitan sinergiak sortu, ahaleginak partekatu eta interes komunak bultzatu nahi ditugu. Horren bidez, bisitarien egonaldia luzatu, tokiko negozioei balioa eman eta sustapenerako tresna digitala erraztu nahi diegu”, azpimarratu du Maria Nanclaresek, Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoaren zinegotziak.
Abantailen katalogoa www.greentouristcard.eus webgunean eta Green Tourist Card app-an dago ikusgai. Aplikazioa, gainera, iOS eta Android sistema eragileetarako deskarga daiteke.
Aipatutako bideetatik edo turismo-bulegoan txartela lortzeko, erabiltzaileek beren telefono mugikorreko zenbakia eman besterik ez dute egin beharko. Ondoren, mugikorrean gorde edo inprimatu ahal izango duten QR kode bat sortuko da. Horixe bera izango da deskontuak lortu ahal izateko establezimenduetan erakutsi beharko dutena. Txartelak 7 eguneko balioa izango du zehaztutako hasiera-datatik.
Atxikipenak
Green Card txartelarekin bat egiteko kanpainak zabalik jarraitzen du proiektuan sartu nahi duten enpresa eta establezimenduentzat. Webgunearen edo app-aren bidez, “Eskatu enpresa gisa atxikitzea” gunetik, eragileek ekimenarekin bat egiteko aukera izango dute erabiltzaileei aplikatuko dizkieten deskontuak zehaztuta.
“Gasteizko eta Arabako kultur eragileak animatu nahi ditugu Green Card txartelarekin bat egitera. Horri esker, haien zerbitzuen eskaintza hedatu eta bezeroak erakarri ahal izango dituzte”, azaldu du Nanclaresek.
Green Card txartela Madrilen egindako Turismoaren Nazioarteko Azokaren (Fitur) azken edizioan eta turismo arloko enpresei eta establezimenduei zuzendutako informazio-saioetan aurkeztu zuten.