Euskadiko AEko hazkunde begetatiboa negatiboa izan da 2023ko lehen hiruhilekoan, behera egin baitu (3.094 pertsona gutxiago). Hiru lurraldeetan galdu da populazioa: Bizkaian, 1.701 pertsona; Gipuzkoan, 1.084, eta, Araban, 309.

2023ko lehen hiruhilekoan, Euskadiko Autonomia Erkidegoan 6.207 heriotza izan dira, aurreko urteko aldi berean baino % 3,6 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Datuak aurreko urtekoekin erkatzen baditugu ikusten dugu 2023ko lehen hiruhileko honetan heriotza kopurua 2022koa (6.439) baino baxuagoa izan dela, bai eta 2020koa (6.522) baino baxuagoa ere, baina 2021ekoa (5.994), 2019koa (6.011) eta 2010-2019 aldiko batez bestekoa (5.813) baino handiagoa.

Heriotza kopuruak behera egin du hiru lurralde historikoetan, eta Bizkaia nabarmentzen da; izan ere, bertan, jaitsiera % 4,8koa izan da (3.281 hildako). Araban 800 hildako izan dira, eta jaitsiera % 3,8koa, eta, Gipuzkoan, 2.126 hildako eta % 1,6ko jaitsiera. Sexuen arabera, 3.170 emakume eta 3.037 gizon hil dira; alegia, % 3,4ko jaitsiera izan da emakumeetan eta % 3,9koa gizonetan.

Lehen hiruhileko honetan izan diren heriotzen artean, 8 urtebetetik beherakoak izan dira (% 0,1) eta 113, ehun urtetik gorakoak (% 1,8). Gainera, hildakoen % 64,9k 80 eta 99 urte bitartean izan dituzte.

Heriotza-kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan dira; 1.621 eta 1.594 heriotza, hurrenez hurren. Alegia, bi horiek heriotzen % 51,8 izan dira. Heriotzaren hirugarren kausa nagusia arnas sistemaren ondoriozkoa izan da; 543 kasu izan dira (% 8,7). Nerbio-sistemaren kausengatiko heriotzak laugarren heriotza-kausa izan dira, 404 heriotzarekin (% 6,5). Digestio-sistemaren gaixotasunen ondorioz 303 heriotza izan dira (% 4,9).

Heriotzen motiboak desberdina izaten jarraitzen du, sexuaren arabera; izan ere, gizonen artean, tumoreek gainditu egin dituzte zirkulazio-sistemako gaixotasunak, eta, emakumeen artean, kausa nagusia zirkulazio-sistemaren gaixotasunak izan dira eta, ondoren, tumoreak.

COVID-19ak 74 heriotza eragin ditu, guztira, guztiak Covid-19 ziurtatuaren ondoriozkoak; alegia, % 90,5 jaitsi da kopurua. Gainera, beste 24 heriotzatan Covid-19a ziurtatutako heriotza-kausen artean egon da, baina ez da funtsezko kausa izan.

Lurralde historikoen arabera, zifrarik altuena Bizkaiari dagokio (47), ondoren Gipuzkoari (23) eta, azkenik, Arabari (4). Hiriburuei dagokienez, Bilbo nabarmentzen da, Covid-19aren ondoriozko 15 heriotza izan baititu; ondoren, Donostia, 3 izan baititu, eta, azkenik, Vitoria-Gasteiz, 2rekin. Barakaldo udalerriak kausa horrengatiko 6 heriotza izan ditu.

Emakumeen heriotza-kopuruak (38) gizonena (36) gainditu du. Adinen arabera, berriz, eragin gehien jasan duten taldeak 80 urtetik gorakoena (57) eta 60-79 urte artekoena (16) izan dira.

"Covid-19aren ondoriozko heriotza horiek, nagusiki, EAEko ospitaleetan gertatu dira (% 82,4), eta, ondoren, etxeetan (% 9,5) eta egoitza soziosanitarioetan (% 8,1)", ondorioztatu dute Euskal Estatistika Erakundea den Eustatek egindako eta argitaratutako azken txostenean.