Gaur goizean egin da udaletxean hiriko gizarte-etxeetan eta kirol-instalazioetan 2023-24 ikasturtean egin diren jardueretarako plazen zozketa. Eskainitako 33.782 plazetatik 29.231 esleitu dira, hau da, plaza guztien % 79,29. Esleipen-fase honetan 21.503 pertsonak lortu dute plaza. Aurten, igo egin da eskatzaileen kopurua eta 27.121ra heldu da. Gehienek udalaren webgunearen bidez egin dute eskaera.

Horrela, eta ildo beretik jarraituz, Gasteizko Udaletik azaldu dutenez, zozketan esleitutako plazak formalizatzeko epea irailaren 10ra arte egongo da zabalik (webgunetik, gaueko 12ak arte). Hutsik geratzen diren plazei dagokienez, izena emateko epea irailaren 14an 08:30ean irekiko da kirol-jardueretarako (igeriketarako barne), eta irailaren 19an, 08:30ean, gainerakoetarako. Tramitazio hori udalaren web-orriaren bidez, 010 telefonora deituta, edota gizarte-etxeetan aurrez aurre egin ahal izango da. Hainbat gizarte-etxetan instalatutako izapidetze automatikorako makinetan ere egin ahal izango da.

Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiko eta Gizarte Etxeetako zinegotzia oso pozik agertu da Gasteizko herritarrek ikasturte honetarako gizarte-etxeek eskainiko dituzten ikastaroen aurrean izandako erantzunarekin. “Udalak etengabeko ahalegina egiten du guztiei haien zaletasun eta gustuen araberako jarduerak topatu ahal izateko eskaintza onena eta osoena emateko. Oso pozgarria da gizarte-etxeen gure sare bikainean jarduerak egiteko modu masiboan izena eman duen jendearen erantzuna ikustea”, adierazi du.