Hiriko ekialdeko bizikleten sarea handitu egingo dute datozen hilabeteetan Valladolid kalean eta Salburua bulebarrean egingo dituzten bi bidegorri berriekinBi kilometro baino apur bat gehiago izango dituzte eta milioi bat eurotik gorako inbertsioa izango dute, Europako funtsen finantzaketarekin. Bidegorri berri horiei esker, hiriko ekialdeko konektagarritasun osoa hobetuko da, bai barneko sarean, bai hiriko gainerako lekuekin dagoen loturari dagokionez, eta bizikleta erabiltzen duten pertsonei oztopo urbanistikorik gabe lekualdatzeko aukera emango die.

Bidegorriak handitzea lehentasuna da hiriko agendan. Sare egokia, segurua eta hiriko auzo guztiak lotzen dituena izateko lanean jarraituko dugu. Hala, garraiobide garbi eta osasungarria sustatuko dugu, gakoa baita hori mugikortasun jasangarrirako egiten dugun gure apustuan”, azaldu du Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoaren zinegotziak.

Valladolid kalea eta Londres hiribidea

Bidegorri hori Salburua, Arana, Arantzabela eta Aranbizkarra auzoetatik igaroko da. Ardatz nagusia Valladolid kalean eta Brusela hiribidean dago, Europar Batasunaren plazaren eta Valladolid eta Andaluzia kaleen arteko biribilgunearen artean. Helburua bizikletaz mugitzeko ekialdea-mendebaldea ardatza sortzea da, funtsezkoa baita Salburuko bideen sarea Aranbizkarrako parkea inguratzen duen bidegorriarekin lotzeko. Bidegorrien 1.300 metro berri ezarriko dira eta ia 900.000 euroko inbertsioa egingo da, Europatik datorren % 90eko ekarpenarekin. Obrak egiteko sei hilabeteko epea dago eta zatika berezitako hainbat jarduketekin dago osatuta:

  • Brusela hiribidea: bidegorri bat gehituko da hiribide horretako bi galtzadetan. Eskuineko zirkulazio-erreia kendu egingo da eta lerroko aparkalekua lekuz aldatuko da.
  • Valladolid eta Joaquin Collar kaleen arteko bidegurutzea: bidegurutze honetan egingo da Valladolid kaleko bidegorriaren eta Brusela hiribideko bi bidegorrien arteko trantsizioa, ekialdeko muturrean egongo den bizikletentzako bidegurutzearen bitartez.
  • Valladolid kalea: bidegorria eraikiko da galtzadaren ipar-muturrean, eta zirkulaziorako errei bat kenduko da.
  • Valladolid eta Andaluzia kaleen arteko biribilgunea: biribilgunearen iparraldeko, ekialdeko eta hegoaldeko muturrak erreformatu egingo dira bidegorria ezartzeko. Hala, bidegorri horren eta Valladolid eta Andaluzia kaleetatik igarotzen denaren arteko lotura egingo da. Oinezkoentzako pasabideak berritu eta berdegune berriak egingo dira.

Salburuko bulebarra eta Brusela hiribidea

Eremu horretan aurrez ikusitako lanek itxiko dute bizikleten mugikortasuneko ardatz osoa. Sarea Florida kalean hasten da, eta Iliada ibilbidean, Salburua Bulebarrean eta Hezeguneen ibilbidean jarraitzen du, Buesa Arenan amaitzeko. Bizikletentzako bideak 750 metro berri izango ditu eta obrek 214.000 euroko inbertsioa izango dute. Lau hilabeteko iraupena izango dute.

Bidegorria etxebizitzetatik gertuen dagoen aparkatzeko erreiaren gainean eraikiko da, Aerodromoko ibilbidearen eta Martxoaren 8a hiribidearen arteko tartean. Errei horretan dagoen lerroko aparkalekuen ilara bigarren zirkulazio-erreiaren muturrera eramango da. Hala, Martxoaren 8a hiribideko bidegorriak tranbia zabaltzeko lanekiko modu paraleloan eraikitako bidegorri berriarekin lotuko duen bidegorri bereizia eratuko da. Hala, Salburuko parkera bizikletaz heltzeko aukerak ere handituko dira.

Bestalde, Brusela hiribideko bidegorriak Europar Batasunaren plazatik Lizarrarako eta A-1 errepiderako irteerekin lotzen duen biribilgunera arteko tartea jasoko du. Helburua da errepideko zirkulaziotik bereizi gabeko egungo bidegorriak bi noranzkotako bi bidegorrirekin (galtzada bakoitzean bana) ordezkatzea, segurtasuna areagotzeko. Hala, Salburua Bulebarreko bidegorriarekin lotu ahal izango litzateke Europar Batasuneko biribilgunearen muturrean. Beste muturrean (ekialdean), berriz, TUVISArentzako bi autobus-nasa gauzatuko dituzte (galtzada bakoitzean bana).

Bi esku-hartze horien helburu orokorrak dira hiriaren ekialdean bidegorrien sarea handitzeazirkulazioa lasaitzen laguntzea eta Salburua inguruneko bidegorri-tarte ugarien arteko konektagarritasuna hobetzea, bidegorrien sareari koherentzia emateko.