Astelehen honetan, irailaren 4an, amaituko da talde teknikoak Zaramaga auzoko eraikinen birgaitze integraleko prozesuan parte hartzeko lehiaketara aurkezteko epea.
Aukeratutako talde teknikoek 8 aste izango dituzte irailean Birgaitze Proiektua egiteko. Ekipo horiek arduratuko dira, gero, obren zuzendaritza fakultatiboaz.
Eraikinak 10 lotetan banatuta daude, tipologiaren arabera, eta 498 etxebizitza hartzen dituzten 32 jabe-erkidego biltzen dituzte (28 etxebizitza biltzen dituzten beste 3 erkidego ere atxiki dira eta proiektua egina dute).
Eskaintzak egiten dituzten pertsonek, nahi adina eskabide aurkez ditzakete, dagokion kontratazio-pleguan ezarritako baldintzen arabera, eta eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute irailaren 4ko (astelehena) 12:00ak arte, Iparralde Gizarte Etxean dagoen Hurbileko bulego tekniko eta kudeaketa-bulegoan.
Proiektua egin ostean, jabeek azaroaren 30era arteko epea izango dute 2023-2025 ekitaldirako Zaramaga auzoa berroneratzeko proiektuan jasotako bizitoki-eraikinen birgaitze sakona egiteko laguntzen emakidarekin lotutako oinarrietako dirulaguntzak eskatzeko.
Dirulaguntzaren gehieneko ehunekoa dagozkion lanak egin ostean eraikinek lor dezaketen energia-aurrezkiaren mende egongo da. Hala, etxebizitza bakoitzeko dirulaguntza obra-kostuaren % 40 eta % 70 artekoa izango da, eta horretarako gehieneko zenbatekoa 15.140 euro (energia-aurrezkia % 30 eta % 45 artekoa denean) eta 35.000 euro artekoa (energia-aurrezkia % 60koa edo gehiagokoa denean).
Gainera, oinarriek zaurgarritasun ekonomikoko egoeran dauden pertsona fisikoentzako edo bizikidetzarako unitateentzako laguntza osagarriak emateko aukera ere jasotzen dute. Horientzat, eraikinen energia-aurrezkiaz gain, haien sarrerak 25.000 euro baino gutxiagokoak izatea hartuko da kontuan.
Hala, Laguntzak 50.000 euro artekoak izan daitezke energia-aurrezkia % 60koa edo gehiagokoa balitz eta pertsona fisikoaren edo bizikidetza-unitatearen diru-sarrerak 15.000 euro baino gutxiagokoak balira.
Zaurgarritasun-egoera guztietan, birgaitu beharreko etxebizitza ohiko etxebizitza izatea eskatzen da.