2022ko laugarren hiruhilekoan, Euskal AEn 5.908 heriotza izan ziren, aurreko urteko aldi berean baino % 3,3 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Hiruhileko horretan, aurreko urteko hiruhileko berean baino 203 heriotza gutxiago izan ziren, eta 2010-2019 aldiko batez bestekoan baino 651 gehiago.

Lurraldeen arabera, Gipuzkoa nabarmentzen da; izan ere, hiruhileko horretan, heriotza kopuruaren jaitsiera % 4,5ekoa izan zen, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean; Araban, jaitsiera % 3,1ekoa izan zen, eta Bizkaian, % 2,6koa. Sexuen arabera, 2.995 emakume eta 2.913 gizon hil ziren; alegia, emakumeetan % 3,6ko jaitsiera izan zen eta, gizonetan, % 3koa.

Hiruhileko horretan izan ziren heriotzen artean, 11 urtebetetik beherakoak izan ziren eta 94, ehun urtetik gorakoak.

Heriotza-kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan ziren, 1.626 eta 1.379 heriotza eragin baitzituzten, hurrenez hurren; hala, bada, bien artean heriotzen % 50,8 kontzentratu zuten. Hirugarren heriotza-kausa arnas sistema izan zen, 459 kasu izan baitzituen (% 7,8). Nerbio- eta digestio-sistemen kausek eragindako heriotzak % 6,8 eta % 4,8 izan ziren, hurrenez hurren.

Heriotzen motiboak desberdina izaten jarraitzen du, sexuaren arabera; izan ere, gizonen artean, tumoreak izan ziren heriotza-kausa nagusia (% 33,3) eta, bigarrena, zirkulazio-sistemako gaixotasunak (% 21,5). Emakumeen artean, kontrara gertatu zen: kausa nagusia zirkulazio-sistemaren gaixotasunak izan ziren (% 25,2) eta, ondoren, tumoreak (% 21,9).