Ultraeskuin, sudoku, diva, transfobia, drone, guateke, bypass, zurito, troll, kubata edo feminizidio forma egokiak dira euskaraz uztailetik. Euskaltzaindiaren Hiztegian etengabe sartzen dira sarrera berriak hizkuntza egungo beharrizanetara moldatu ahal izateko. Urte batzuetatik hona, gainera, lan eskerga egiten ari dira hiztegigintzan dabiltzaten langileak, nahiz eta Espainiako Errege Akademiak bere hiztegia eguneratzen duen bakoitzean izaten duen oihartzuna ez izan. Hedabideak izaten dira, hein handi batean, hitz berrien proposatzaile. "Euskaltzaindiari gizartearen atzetik joatea dagokio", dio Miriam Urkia euskaltzainak, Akademiaren hiztegiaren arduradun nagusiak, zeinek espainoletik datozen hitz asko jaso-tzen direla ukatzen duen. "Hitz bat onartzeko irizpidea maiztasuna da, baina egokitasuna, euskararen emankortasuna eta baliagarria izatea baloratzen da", gaineratzen du.
Euskaltzaindiaren Hiztegiko bi liburuak 2016an atera eta sareratu ziren. Hurrengo eguneratzea 2018an egin zen; ordutik, urtean bi aldiz gaurkotzen dira sarrerak sarean: urtarrilean eta uztailean. "Etengabe ari gara eguneratzen, aldiro 400 edo 500 hitz inguru sartzen ditugu forma berrien bultzada handi bat izan dugulako", kontatzen du. Izan ere, lehenengo fasean Euskaltzaindiak tradiziotik zetozen hitzak bildu zituen, baina eguneroko beharrei erantzuteko erritmoa azkartu egin behar izan dute, normalizazioa bideratzeko. "Urtean, guztira, mila bat hitz berri sartzen ditugu eta beste asko osatu egiten ditugu, adiera edo azpisarrera berriak sartuz edo adibideak egokituz", dio Urkiak, izan ere, gizartearen ispilua da hiztegia.
Euren lana ez da, beraz, sarrera berrietara mugatzen. "Genero ikuspegiarekin zerikusia duten berrikuspen lan batzuk egin ditugu", adierazten du eta justifikatzen du: "Hala izan behar du, hiztegia hasi zenetik gizartea aldatu egin da eta gizartea aldatu egin den bezala definizioak aldatu beharra genituen". Adibide bat jartzen du azalpena ulertarazteko. "Gurasoak lehen aita eta ama ziren. Orain ezin dugu hori esan. Bi ama, bi aita, ama edo aita bakarra izan daitezke", dio. Horrelako lanak iraunkorrak dira, esate baterako LGBTI mugimenduak sortzen dituen kezkak hiztegian islada dutelako. "Eguneratzen ez bada alferrekoa da, ez duelako erantzun bat emango", agertzen du.
Korpus handia Euskaltzaindiak ez du hitzik asmatzen. Irizpide jakin batzuk ditu forma berriak edo zaharrak onartzeko. "Korpusen gainean lan egiten dugu: testu biltegi handi bat da non argitalpen pilo bat jasota dauden", argitzen du. Hitz modernoak lantzeko alferrikoa da Orotariko Euskal Hiztegiara jotzea, forma zaharrak ez baitaude. Horretarako, Lexikoaren Behatokia erabiltzen dute. "Momentu honetan 80 milioi hitz daude sartuta", azaltzen du. Zerekin hornitzen dute? Noticias Taldeko Ortzadar astekaria, Berria egunkaria edota Argia aldizkaria daude, beste batzuen artean; baita Goenkale telesaila, Elkar literatura edo administrazioko boletinak bezalako euskarri ezberdinak. "Espektro guztiak sar-tzen saiatzen gara, orekatu nahian gabiltza", dio.
Urtero 8 edo 10 milioi hitz berri sartzen dira korpusean, horiek denak etiketatu eta lematizatu egiten dira. "Maiztasun handia dutenak eta lehendik jaso gabe daudenak aztertu egiten ditugu. Transgenero -azken txandan sartu den hitz bat-, adibidez, oso erabilia zelako sartu dugu, baita sushi, curry... eta horrelakoak", argitzen du Urkiak. Inportantea da, baita, hainbat autorek eta euskalki ezberdinetan erabilia izatea. Gero, denbora eman behar zaio. "Duela urte batzuk bullying hitza oso modan jarri zen, baina eskola jazarpena ere erabiltzen hasi zen. Urte batzuetan elkarbizi egin dira termino biak", azaltzen du Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak. Nahiz eta kopurutan nahiko antzera ibili, azkenean eskola jazarpena gailendu zen. Arrazoia: "Euskara oso emankorra da beste hitz batzuk sortzeko; sexu jazarpena, laneko jazarpena... ere badaude. Eta zoritxarrez beste jazarpen mota batzuk etorriko dira. Baten aldeko apustua egin behar zen", adierazten du.
Gaurkotasunarekin lotura estua izaten dute onartzen diren hitz askok. Azken eguneratzean dual sartu zen, ikasketa dualak oinarrizkoak baitira egun, edota drone, urte ba-tzuetatik hona demokratizatu egin den gailua. Bypass eta flashback, ingelesetik datozen maileguak, bere horretan agertzen dira. "Denbora bat utzi behar zaio forma bati bere lekua har dezan, batzuk pasakorrak dira", azaltzen du. Adibidetzat tsunami hitza jartzen du; 2004an Indiako Ozeanoan gertatutako hondamendia baino lehen "inork ez zekien zer zen". Horregatik, Urkiaren esanetan, "hilabete batzuetara desager- tzea gerta zitekeen, baina zoritxarrez gehiago izan dira eta hedatu egin da". Horregatik, onartu egin zuten. Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunaren esanetan, "hedabideek egiten dute hiztegia, egunero sortzen dira albiste berriak eta egoera berriak, eta izen bat eman behar zaie horiei". Hala ere, nahiz eta erantzunkizun handi bat hedabideena izan, proposatzen dena "astakeria" bat balitz ez litzateke onetsiko. "Ez genituzke ontzat hartuko alkatesa edo erizainsa bezalako formak, ezta erabiliko balira ere", argitzen du.
Espainoletik ez Akademiari leporatzen zaizkion bizioen artean espainoleko hitz gehiegi sartzea da. Miriam Urkiak ukatu egiten du: "Mailegua den forma bat sartzeko daukagun oinarrizko irizpidea da Iparraldeko euskaldun batek ez daukala espainola jakin beharrik forma ulertzeko, eta alderantziz. Horrek marra laranja jartzen du askotan". Salpuespenak badaude. "Gasolina guk horrela esaten dugu, baina Iparraldean ezantza esaten dute, frantseseko essense hitzetik datorrena", jartzen du etsenplu moduan. Honelako kasuak ekiditeko aukera bakarra hitz bat asmatzea litzateke, "baina hori absurdoa da", dio Urkiak. Beste adibide bat: Hegoaldean boligrafo deitzen zaion gailuari bik dei-tzen diote Iparraldean. "Bolaluma proposatu zen ordez, lehendik zetorren hitza, baina frakaso bat izan zen. Jendeak erabiltzen ez badu ez da inora iritsiko ez den forma jaso bat jarri behar", irizten du.
Azken berrikuspenean zurito eta kaña bezalako hitzak sartu dira. "Hasieran oso lagunartekoa zela esaten zen. Baina horrela baino ez dira erabiltzen korpusean. Konplexu bat daukagu: iruditzen zaigu behe mailakoa dena ezin dela idatzi", adierazten du hiztegiaren arduradunak. Bokata hitza onartu zutenean ogitarteko adierarekin, "kristona izan zen". Lehendik omen zegoen hiztegian, lixiba adierarekin, horrela esaten baita Iparraldean. "Baina gaur egun jendeak ez daki. Korpusean 205 bokata zeuden, eta horietatik 203 jatekoa ziren. Asko Goenkale telesailetik zetozen", argitzen du. "Espainol kutsu handiegia dauka, bai, baina ogitartekotxo erabiliko dugu? Ez. Hegoaldean eta lagunartean erabiltzen zela zehaztu genuen", azaltzen du Urkiak.
Beste gauza bitxi bat gertatzen da latinetik datozen hitzekin. Euskaltzaindiak, batzutan, kexak jaso ditu prekaritate bezalako hitzak gaizki idazten dituela esanez, e hizkia falta zaiolako. "Frantsesez précarité eta ingeleses precarity da. Ez da beti e-rekin idatzi. Nazioartekotasunari ere begiratzen diogu forma berrietan", azaltzen du. Horrela, espainolez hitz askoren enborra aldatu dela egiaztatu ahal izan dute. Adibide bat Ukraina herrialdea da, jende askok Ukrania izan beharko lukeela uste du. "Hegoaldekoek erreferentzia zuzenegia daukagu espainolarena eta Euskaltzaindiak horrelako zerbait proposatzen duenean ez da haizeak eman diolako, datuen gainean izaten da", adierazten du Urkiak.
Kentzen diren sarrerak Hitz berriak sartzeaz gain, sarrera ba-tzuk ere ezabatu egiten dira. "Askotan esaten da Euskaltzaindia etengabe ari dela arauak aldatzen, ez da egia. Batzuetan, gertatzen da Akademiak araurik emanda ez izatea eta beste hiztegi batzuek proposa-tzen zituzten formak arautzat hartuak izatea", esplikatzen du. Hori gertatu zen, adibidez, eritzi hitzarekin. "Lehen denok erabiltzen zuten eritzi, hiztegi konkretu batean hala agertzen zelako. Baina mendeetan zehar iritzi erabili da eta hori baietsi zen", dio. Gero, proposatu dena erabiltzen den ikusi behar da. "Duela urte batzuk amankomun hi-tza ez erabiltzeko gomendatu genuen, baina jendeak erabiltzen jarraitzen zuen, arrazoiz. 'Hori komunean egingo dugu' esaten bada, desanbiguatu egin behar duzu. Atzera egin behar izan genuen", aitortzen du. Kendu zuten sarreren artean referendum forma ere badago, erreferendum ere bazegoelako. "Eztabaida luzea izan genuen, baina absurdoa zen biak egotea", argitzen du.
Hitz berrien boom bat egon ostean, une honetan berriz ere tradizioko forma batzuk aztertzen ari dira hiztegia sortzeko lantaldean. "Orotariko Euskal Hiztegian dauden azpisarrera asko tradiziokoak dira. Horiek denak berrikusi egingo ditugu eta hitzen erabilera maiztasun batetik gorakoa bada aztertu egingo ditugu, eta, erabiltzen ez badira, ez ditugu berreskuratuko", adierazten du Urkiak. Datorren urtean, batez ere, horrelako formak aztertuko dituzte osoko bilkuran. "Orain korpus modernotik etorri daitezkeen hitz konbinazioak presta-tzen hasi gara, adibidez, adarra jo", kontatzen du Akademiaren Hiztegiaren arduradunak. Bere esanetan, holakoak ez dira batere gardenak izaten euskaldunberriekin. "Kontuan izanda euskaldun asko, hemendik aurrera, berriak izango direla, azaldu egin behar dira nolabait", dio. Eta beste adibide bi jar-tzen ditu: gorriak ikusi edo buruari eman. "Horrelako asko daude gure egunerokoan eta euskalduzaharra ez bazara ez duzu ulertuko", azaltzen du Urkiak.