donostia - Itzultzaile neuronalaren mugikorretarako bertsioa aurkeztu zuten atzo Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak eta Xabier Arrieta Informatika eta Telekomunikazio zuzendariak. App honek duela bi hilabete martxan jarri zen webgunearen funtzionamendu berbera izango du, ñabardura batekin: itzulpenak ahotsetik abiatuta egiteko aukera eskainiko du.

Web bertsioak harrera bikaina izan du. Batez beste 50.000 itzulpen inguru egiten ditu egunean (astegunetan), eta azken hilabetean milioi bat testu itzuli ditu. Arrietak azaldu zuenez, Itzuli-ren erabilera datuak oso altuak dira bi norabideetan, gaztelaniatik euskararako itzulpenak bi aldiz gehiago egiten direla aintzatetsi bazuen ere: "Gaztelaniatik euskarara itzultzeko gehiago erabiltzen den arren, euskara-gaztelania itzulpenetan kalitatea hobea da. Ikusten dugu erabilera asko zabaldu dela eta hainbat arlotara iristen dela, hala nola hezkuntza edo administrazioaren esparrura. Itzuli-ren erabilera egunez egun hazten ari da". Orotara, 9.000 erabiltzailek erabiltzen dute Itzuli egunean; hilean, 50.000 eta 100.000 erabiltzaile bitartean jasotzen ditu.

Aipatutako datu horien harira, aplikazio berriaren helburua bi hizkuntza euren egunerokotasunean erabiltzen dutenei tresna eraginkorra eskaintzea dela seinalatu zuen Zupiriak: "Badakigu mugikorrak ordenagailua gainditu duela Interneten sartzeko gailu nagusi gisa, eta hori are nabarmenagoa da belaunaldi gazteenen artean. Horregatik, uste genuen zerbitzua app baten bidez ere eskaini behar zela". Era berean, itzultzaile neuronalaren jomuga nagusia "laguntzea" dela gogoratu zuen: "Helburua ez da, inola ere, itzultzaileak eta beren kualifikazio handiko lana ordezkatzea, baizik eta bi hizkuntzak beren egunerokoan, lan munduan, arlo akademikoan eta abarretan erabiltzen dituztenei tresna berritzailea eta eraginkorra eskaintzea".

Itzultzaile neuronalaren eragina ez da Euskal Herrira mugatzen, Estatu osoan erabilera zabala dagoela ikusi delako. Argentinan eta Bulgarian ere, adibidez, gunea bisitatu dute.