GASTEIZ. Gorbeialdeko Kuadrillako Euskaltzaleen I. Topaketa urtarrilaren 27an egingo da, Murgian (Araba), "Zerk mugitzen gaitu?" izenburupean. Topaketa abenduaren 2an zen egitekoa, baina elurrarengatik bertan behera geratu zen, Gorbeialdeko Kuadrillako iturriek prentsa ohar bidez adierazi dutenez.
Horrela, hitzordua berreskuratzeko, Gorbeialdeko euskaltzaleak urtarrilaren 27an elkartuko dira, goizeko 10:30ean, Murgiako liburutegian (Bea-Murgia Etxean). Topaketaren helburua da Gorbeialdean euskalgintzan lanean ari diren taldeek udalerriz udalerri antolatzen dituzten jarduerarik nabarmenen bilduma egitea, eta horrek "Gorbeialdean euskararen erabilera handitzeko egiten denaren argazki bat emango du".
Gainera, topaketak esperientziak trukatzeko ere balioko du. Horrekin batera, jarduera horiek antolatzeko sakonean dauden arrazoien inguruko hausnarketatxoa ere egin nahi dute, eta hortik dator "Zerk mugitzen gaitu?" izenburua, hau da, "zein dira euskaltzaleek egiten dutena egiteko indarra ematen dieten arrazoiak?".
Topaketa bukatzeko, 2018an Euskal Herri osoan egingo den Euskaraldia euskaldunen aktibazio erronkaren berri emango dute Euskaltzaleen Topaguneko kideek.