Gaztea irratiak Gaztea Musikaren Egunaren lehen edizioa antolatu du datorren iganderako, ekainaren 22rako, Musikaren Europako Egunaren biharamunean, euskal musikariei omenaldia egiteko, eta 20 talde eta bakarlari baino gehiago bilduko ditu Donostiako Tabakaleran.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Gorka Urbizu, Olaia Inziarte, Izaro, Idoia, TOC, Zea Mays, Olatz Salvador, Janus Lester, Merina Gris, Bengo, Hofe, La Txama, Ezpalak, Dupla, Kiliki, EZEZEZ, Sukena eta Maskak izango dira bertan, eta 30 minutuko zuzeneko saioak eskainiko dituzte Tabakaleran zehar banatutako Patioa, Prisma, Kutxa Fundazioa Kluba eta Nabe 2 aretoetan.
Talde gehienek bandarekin joko duten arren, batzuek egunerako propio prestatutako akustikoa eskainiko dute, eta Prismako DJen oholtzan maKeda, ALTA, Euskoprincess eta Lamia Mari ere arituko dira.
Musikaren Eguneko gonbidapenak Gaztearen webgunean eskuratu behar dira asteartetik, ekainaren 17tik, eta, aretoen edukiera kontuan izanda, zortzi bloketan banatuko dira sarrerak. Hala, webgune bertan ezagutzera emango diren ordutegiak kontsultatu ostean, ordu tartekako gonbidapenak eskuratzeko aukera izango da. Aretoen edukiera mugatua dela kontuan izanda, garrantzitsua da kontzertuetara garaiz iristea.
Bertaratzerik ez dutenek kontzertuak 'streaming' bidez jarraitzeko aukera izango dute Gaztearen YouTubeko kanalean, webgunean eta Primeran zein Guau plataformetan.
Musika saioen osagarri, irratia zuzenean eta solasaldiak izango dira. Gazteak zuzeneko irratsaio berezia egingo du Tabakaleratik, eta Ainhoa Vitoriak eta Sara Alonsok zuzenean grabatuko dute denboraldiko azken 'Bitan' saioa.
Saio bereziez gain, Musika Bulegoarekin antolatutako bi solasaldi egongo dira: lehenengoan, Eneritz Furyak eta DJ Ines gorputza lehen lerroan jartzeaz arituko dira Oihana Aranaren gidaritzapean; bigarrenean, ostera, 'Formatu handia vs. Formatu Txikia. Kontzertuak ikuspegi askotatik egiteko artea' izango da gaia.