Muga eta zubia, biak egiten ditu Hendaiak. Ipar Euskal Herriko laugarren hiria Espainia eta Frantziako estatuen arteko muga da baina denbora berean Lapurdi eta Gipuzkoa arteko zubia ere bai. Txingudi badiaren bi aldeak lotzen dituzte, besteak beste, Bidasoa ibaiak eta euskarak, eta preseski egunotan Hendaia euskaraz euskararen denboraldia ospatzen dute bertako udalak eta elkarteek antolatuta, hizkuntzaren erabilpena bultzatzeko. Ipar Euskal Herri osoan eta Nafarroa Garaiko zati handienean bezala euskarak ez du oraindik inolako lege babesik Hendaian. Dena den, azken urteetan hainbat aurrerapauso eman direla dio Michèle Mounios Adurriaga Hendaiako euskara zinegotziak, “herriko etxearen aurrekontuaren %1 euskarari ematen baizaio 1983tik”. “Hendaia Iparraldeko lehen herria izan zen langileak euskalduntzen, euskara teknikaria kontratatzen eta euskararen plan estrategikoa egiten”, dio. Gaur egun, lehen hezkuntza eskaintzen duten zazpi ikastetxeen artean seik euskarazko irakaskuntza eskaintzen dute eta ikasleen erdia sail elebidun edo murgiltze ereduan dabil. Lau haur-tzaindegietatik bat elebiduna da eta hiriko irrati bakarra, Antxeta Irratia, euskaraz ari da osoki.
Herri gehienetan bezala Hendaian ere hizkun-tzaren ezagutza eta erabilera bat ez datozenez, egunotan Lehen hitza euskaraz leloa zabaltzen dute lau haizetara hainbat mahainguru eta ekitaldi kulturalen bitartez. Edurne Manterola euskara batzordeko kidearen arabera merezi du “urratsa egitea eta ausartzea, uste ez den gune eta saltegietan hitz egin litekelako euskaraz”. Halere, Manterolak deitoratzen du askotan euskaldunek gaztelaniaz jasotzen dutela erantzuna. “Automatikoki hegoaldekoak garela uste dute eta hori aldatu behar dugu erakutsiz bertakoek ere euskaraz bizi nahi dugula”.
Elsa Spizzichino Hendaiako euskara teknikariaren erranetan sorpresak gertatzen dira noizean behin, uste ez den guneetan ere euskaraz hitz egin daitekelako: “Ez bagara gu hasten nork eginen du? Ez du ezer kostatzen egun on errateak!”
Hendaiako berezitasunen artean da ere 17.000 biztanle baino gehiago izatea eta %25 pasa Gipuzkoatik datorrela. Spizzichinoren arabera, “ez dira denak euskaldunak baina gehienak bai eta horrek eragin handia dauka euskararen presentzian”.
Arrantza eta baserrigunea izatetik zerbitzu eta turismo lekua bilakatu da Hendaia eta horrek eragin zuzena du euskararen ezagutzan eta kalitatean. Hendaian ere adinekoek eta gazteek ez dutela hizkera bera ondorioztatu dute Maitena Duhalde eta Iker Altunak. Baionako Unibertsitatean, Iker zentroarekin batera, Lapurdiko itsas hegiko euskara aztertu du Duhaldek adinekoei elkarrizketak eginez. Altunak, ordea, gazteena jaso du taberna eta gaztetxean haiekin hitz eginez. Nagusien artean oraindik entzun litekeen hasperena galtzear dago gazteen artean. Eta gauza bera gertatzen da kostan nagusi ziren bustidurarekin, adinekoek “arraña” eta “pillota” bezalako esamoldeak erabiltzen baitituzte eta gazteek ez. Iker Altunaren aburuz, Hendaiako kostatar euskalkitik biziki urrun daude gazteak gipuzkera, frantsesa eta gaztelaniaren eraginengatik. “Erdara beharrezkoa dute solasaldiak erakargarriak egiteko”. Hendaian ere euskara dakitenek ez dute beti erabiltzen kalean, besteak beste, hizkuntz gutxituen hiztunek estresari aurre egin behar baitiote. Gemma Sanginés sikologoak uste du beldur hori etxetik eramaten dela maiz eta honenbestez bertan erabaki behar da euskaraz aritzea osoki. Askotan euskara ez da erabili nahi eta erdarara jotzen da jendearen itxurarengatik edo Biarritze bezalako hirietan. Sanginések dio euskaraz ari delarik sorpresa onak izaten dituela askotan Ipar Euskal Herrian ere. Aste honetan Hendaian eskaini duen hitzaldian sikologo bilbotarrak azpi marratu du perspektiba kontua dela eta mugak norberaren buruan daudela. “Nafarrek bide zabala ikusten dute euskaraz aritzeko Gipuzkoan adibidez, bertakoek baino aukera gehiago ikusten dituzte!”.
Xan Aire Seaskaren Euskaraz Bizi proiektuaren koordinatzailearen arabera hiztunen estresa “entrenatuz” gainditzen da. “Gaztelania soilik dakien norbaitek ogia eros dezake arazorik gabe Hendaian, eskatzen baitu pentsatu gabe. Guk ere gauza bera egin behar dugu umeei eredua erakutsiz gainera”. Atzo Euskararen Eguna ospatu zuten Beltzenia pilotalekuan hainbat ekitaldirekin. - Franck Dolosor / Foto: Iker Azurmendi